'Uztarria' aldizkariko lehiaketa martxan da Mikel Uriaren errezetarekin

Uztarria.eus 2014ko mar. 11a, 18:53
Martxoko aldizkariko lehiaketa atala

Mikel Uria sukaldaria izan da Uztarriak eta herriko jatetxeek elkarlanean abiatu duten Uztarria sukaldean lehiaketa berriko lehen protagonista, eta txahal-masail iberikoen erregosia prestatzeko errezeta eskaini die irakurleei. Lehiaketan parte hartzen duten bazkideen artean, Mikel Uria jatetxean bi lagunentzako bazkaria edo afaria zozkatuko du Uztarriak.

 

Kalean da Uztarria aldizkariaren martxoko zenbakia, eta horrekin abiatu du Uztarria sukaldean lehiaketa berria Uztarriak, herriko jatetxeekin elkarlanean. Hilero herriko hainbat jatetxeetako sukaldariek, txandaka, plater bana prestatuko dute aldizkariko lehiaketa atalerako, eta errezeta ere emango dute. Mikel Uriak prestatutako txahal-masail iberikoen erregosiaren errezetarekin jarri du martxan lehiaketa Uztarriak. Osagaiak eta prestatzeko pausoak azaldu dizkie sukaldariak Uztarriaren irakurleei.

Eta orain, irakurleen txanda da. Bazkideek lehiaketan parte hartzeko euren gustuko errezeta bidali beharko dute, bazkidea bera sukaldatutako platerarekin agertzen den argazkiarekin batera. Uztarriaren egoitzara (Perez Arregi plaza 1, behea) edo uztarriasukaldean@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte plateraren errezeta eta argazkia, martxoaren 25a baino lehen. Lehiaketan parte hartzeko ezinbestekoa izango da Uztarriako bazkide izatea (Uztarria Komunikazio Taldeko bazkide egin eta hainbat abantailaz gozateko, egin klik hemen eta bete formularioa). Martxoko lehiaketan, argazkia eta errezeta bidaltzen duten bazkide guztien artean, Mikel Uria jatetxean bi lagunentzako afaria edo bazkaria zozkatuko da. Animatu eta hartu parte!