Mikel Larrañaga: "Nahiko ondo nago sasoiari dagokionez"

Uztarria.eus 2014ko ots. 28a, 10:59
Mikel Larrañaga aizkolaria bigarrenez izango da Binakako Aizkolari Txapelketan.

Bihar, zapatua, jokatuko da 2014ko Zilarrezko Mailako Eusko Label Binakako Aizkolari Txapelketako finala, Urrestillako Txikuri pilotalekuan. 22:00etan hasiko da lehia, eta hiru bikote ariko dira nor baino nor; Arkaitz Jauregi eta Julen Kañamares 2013ko txapeldunak, Daniel Vicente eta Iker Vicente Otsagabiko aita-semeak eta Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Aratz Muguerza mutrikuarra. Uztarria.com-ek Larrañagarekin hitz egin du.

2014ko Zilarrezko Mailako Eusko Label Binakako Aizkolari Txapelketako finala bihar, zapatua, jokatuko da Urrestillako Txikuri pilotalekuan. 22:00etan hasiko da txapelketa, eta hiru bikote ariko dira nor baino nor lehian: Arkaitz Jauregi eta Julen Kañamares 2013ko txapeldunak, Daniel Vicente eta Iker Vicente Otsagabiko aita-semeak eta Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Aratz Muguerza mutrikuarra.

Larrañaga eta Muguerza duela bi urteko txapelketako finalean izan ziren, baina ezin izan zuten irabazi. Iaz, berriz, ez ziren finalera sailkatu. Etxetik gertu jokatuko du Larrañagak bihar, eta "beti ere etxean urduritasun handiagoa" izaten duela aitortu dio Uztarria.com-i: "Jende ezagun gehiago egoten da eta horrek nerbio puntu bat jartzen dit, baina ez dago nerbioak aitzakia bezala ibiltzerik, eta norberak berea egin behar du txapelketan". "Nahiko ondo nago sasoiari dagokionez. Ondo prestatu gara, saiatu egin gara, baina hori bai, besteak ere prestatuta egongo dira, eta ikusiko dugu bihar".

Larrañagak adierazi duenez, "Muguerzarekin aritzen naizen hirugarren urtea da. Bikote ona da, kortean-eta oso txukun ibiltzen da eta oso ondo moldatzen gara". Larrañagak dio "aurkariak ere oso fuerte" daudela: "Aurkarietako batek apustua du hemendik bizpahiru astera, eta prestatuta egongo da harako".

Hiru bikoteek 33na enbor ebaki beharko dituzte sei modu desberdinetan eta, tartean, Urrestillako Guzta harri-jasotzailearen erakustaldia izango da. EITBk zuzenean eskainiko du emanaldia.