Martxoko zenbakiarekin lehiaketa berria aldizkarian

Uztarria.eus 2014ko ots. 18a, 14:04

Lehiaketa berria herriko jatetxeekin elkarlanean abiatuko du Uztarriak. Sukaldaritzarekin lotutako lehiaketa izaki, bazkideen lana izango da norberak nahi duen platera prestatu, eta sukaldariaren eta prestatutako jakiaren argazkiarekin batera, errezeta bidaltzea. Parte hartzaileen artean bi lagunentzako afaria zozkatuko da hilero.

Martxoko zenbakiarekin, lehiaketa berria jarriko du abian Uztarriak aldizkarian. Orain arteko lehiaketan parte hartzeko pertsonaia ezkutua asmatu behar zuten bazkideek, eta Odriozola ardoak upategiko ardo-sorta izaten zen saria.

Aurrerantzean, herriko jatetxeekin elkarlanean, lehiaketa berria izango da martxan. Hilero, herriko jatetxeetako sukaldariek, txandaka, plater bana prestatuko dute aldizkariko lehiaketa atalerako, eta errezeta ere emango dute. Bazkideen lana izango da norberak nahi duen platera prestatu, eta sukaldariaren eta prestatutako jakiaren argazkiarekin batera, errezeta bidaltzea uztarriasukaldean@gmail.com helbidera.

Argazkia eta errezeta bidaltzen duten bazkide guztien artean, hil horretan Uztarriak bisitatu duen jatetxean bi lagunentzako afaria zozkatuko da. Animatu eta hartu parte!