Jokin Apalategi: "Herri-nazioa Estatua lortzean soilik garatzen da"

Berria.info, Uztarria.com 2014ko ots. 12a, 11:54

Euskal Herriaren emantzipazioaz saiakera argitaratu du EHUko katedradun eta idazleak. Gaur, asteazkena, hitzaldia eskainiko du Sanagustin kulturgunean, Gure Esku Dago dinamikak antolatutako hitzaldi zikloaren baitan.

"Herri-nazioa Estatua lortzean bakarrik garatzen da". Horixe da Jokin Apalategi EHUko katedradun eta idazleak (Ataun, Gipuzkoa, 1943) Euskal Herriaren emantzipazioazsaiakeraren (Utriusque Vasconiae) azken partean defenditzen duen tesi nagusietako bat. Herria, nazioa, naziogintza, burujabetza, antolamendu politikoak gizarte politikoa… Gai horien inguruko hausnarketa pausatu eta dokumentatua egin du Apalategik liburuan, eta "behin-behineko ziurtasun mugikorrez emanak" idatzi ditu "azken berbak" liburuaren amaieran.

Liburuaren aitzinsolasean Apalategik gogora ekarri du Euskal Herriaren aipamenak aspaldidanikoak direla historialarien eta beste hainbat diziplinatako idazleen lanetan —Bernat Etxepare, Arnaut Oihenart, Agosti Xaho, Manuel Larramendi, Philippe Veyrin, Julio Caro Baroja…—, sarritan beste izen batzuk erabiliz egin bada ere; Vasconia, País Vasco, Pays Basque, Basque Country, Navarra, Euskaria eta Euskadi, besteak beste.

Diziplina askotako ekarpenak

"Historiaurretik gatozke", ondorioztatu du saiakeragileak. "Baina lekukotasun gutxi heldu zaigu horretaz". Arkeologian, paleontologian, mitologian eta hizkuntzalaritzan aurki daitezke lekukotasun horiek, besteak beste, baina, Apalategiren ustez, "bereziki mitologia eta hizkuntzalaritza erabili beharko genituzke euskal gizartean politikan ukandako bilakaera mentalaren gibeletik jardutean". Luzaz produkzio idatzia hutsa edo oso urria izateak "usadio zaharrak" ere "garrantzi handiko" bihurtu dira, eta protohistoria "erreferentzia gehigarri bezala" har daiteke. Ikuspegi horretatik abiatuta, diziplina askotako jakintzaren babesa bilatzen du liburu osoan zehar Apalategik Euskal Herriaren emantzipazioaren gaiari alderdi askotatik heltzeko.

Liburuaren kontrazalean "Estatua propioaren beharra, zertarako?" galderari hamar erantzun eman dizkio liburuaren egileak