Tentsio uneak Arrasaten, Grumaleko langileen manifestazioan

Uztarria.com, Berria.info 2014ko urt. 31a, 19:51

Azpeitiko enpresa altzarigileko hainbat langile Mondragon taldearen egoitzan sartu dira, eta zaindariak sarrera hori galarazi duenean tentsio une batzuk bizi izan dira egoitzaren barruan. Atzo, osteguna, jakin zen Grumaleko 148 langileak kaleratzeko dosierra aurkeztu dutela.

Atzo, osteguna, Grumaleko 148 langileen kaleratzea barne hartzen duen dosierra aurkeztu dutela jakin ondoren iragarri bezala, Fagor Etxetresnen Azpeitiko enpresako langileak Arrasaten izan dira gaur, Lagun Aroren eta Mondragon taldearen egoitzen aurrean protesta eginez.

Berria.info-k jakinarazi duenez, Azpeitiko enpresa altzarigileko hainbat langile Mondragon taldearen egoitzan sartu dira. Manifestazioa 11:30ean abiatu da Arrasateko erdigunetik, eta Lagun Aro aseguroen egoitzaren aurrean elkarretaratu ondoren, Mondragonen egoitzara joan dira langileak. Batzuek barrura sartzea ere lortu dute, eta zaindariak sarrera hori galarazi duenean tentsio une batzuk bizi izan dira egoitzaren barruan.