Reyes Karrere: "Herri bezala, talde bezala edo pertsona bezala erabaki behar du bakoitzak"

Uztarria.eus | Gizartea
2014ko urt. 29a, 13:25

Azpeitiko Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeak hitzaldi zikloa antolatu du erabakitzeko eskubideak hainbat eremutan izan ditzakeen eraginak aztertzeko eta partekatzeko. Bihar, osteguna, hasita mahai-inguru bat eta lau hitzaldi izango dira, martxoaren 26a bitartean. Bihar, osteguna, euskal selekzioaren inguruko mahai-ingurua izango da, eta hainbat kirolarik eta kirol kazetarik hartuko du parte bertan. Tartean, Reyes Karrere eskubaloiko jokalari ohi eta entrenatzaileak.

Reyes Karrere izango da mahai-inguruan parte hartuko duen kideetako bat. (Hirutxuloko Hitza)  Argazki originala

Bihar izango da Gure Esku Dago dinamikak antolatutako hitzaldi zikloko lehen hitzordua. Euskal selekzioaren inguruko mahai-ingurua izango da, 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Hizlariak Xabier Mikel Errekondo (eskubaloi jokalari ohia), Markel Irizar (txirrindularia), Reyes Karrere (eskubaloi jokalari ohia eta entrenatzailea), Mikel Arregi Ertxin (Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko lehendakaria) eta Beñat Zarrabeitia (kirol kazetaria). Arritxu Iribar kirol kazetariak gidatuko du mahai-ingurua.

Mahai-inguruaren atarian, Euskal Selekzioaz eta Espainiakoaz eta bietan ala bietan izandako bizipenez hitz egin du Uztarria.com-ek Reyes Karrere (Errenteria, 1966) eskubaloi jokalari ohi eta entrenatzailearekin

Euskal Selekziorekin eta Espainiakoarekin, biekin jokatutakoa zara.

Bai, bietan jokatutakoa naiz. Nik uste euskaldun ia guztiok oso gustura jokatzen dugula Euskal Selekzioarekin. Gainera, Euskal Selekzioan aritu nintzen urteetan goi mailan jokatu genuen, eta ederra izan zen. Ez ziren partida asko izan, baina jokatu egin genuen, eta Euskal Selekzioarekin oso-oso gustura aritu izan naiz beti.

Espainiakoarekin aritzeko deitzen digutenean ia guztiok joaten gara, baina kontua oso desberdina da. Espainiako selekzioak goi mailan jokatzeko aukera ematen dizu, eta uneotan Euskal Selekzioak ez du aukera hori ematen. Jokalariok nahi duguna da goi mailako kirola egitea eta, momentuz, Espainiakoarekin soilik egin dezakegu goi mailako kirola.Hautatzaile ere izan zinen.

Espainiako selekzioarekin ez joaterik pentsatu al zenuen?

Debekatuta dago ez joatea. Ezinezkoa da. Beti diote aurretik esan behar dela joan nahi ez baduzu, baina legez ezin da ezer egin. Orain ez dakit nola egongo den legedia, baina lehen jokatu gabe bi urteko zigorra ezartzen zuten. Ondorioak larriak ziren, eta legez ezin zaio uko egin. Ezin da oso ondo ulertu, baina hala da.

Egun berriz joango al zinateke Espainiako selekzioarekin?

Bai, dudarik gabe, ez dago-eta beste aukerarik. Euskal Selekziora joango nintzatekeen moduan, Espainiakora ere bai. Ulertzen dut ez joatea, baina baita joatea erabakitzea ere. Izan ere, jokatu ditzakezu munduko txapelketak, Europakoak, Olinpiar jokoak... Azkenean futbola edo saskibaloia kenduta, gainerako kiroletan beste maila batean gaude, eta behartuta gaude hor egotera.

Gainera, nik uste, politikoa den kontua kirolarien gainera botatzen dela askotan. Noizbait, agian, iritsiko da unea aukeratu behar duguna Euskal Selekzioarekin edo Espainiakoarekin joan behar dugun, baina momentuan ez da horrelakoa egoera. Orduan, ulertzen dut Espainiakora joatea, bestelako aukerarik ez daukazu-eta.

Zure ibilbidera itzulita, Euskal Selekzioko nesken eskubaloi taldeko hautatzaile ere izan zinen.

Bi urtez aritu nintzen nesken eskubaloiko hautatzaile moduan. Oso esperientzia ona izan zen. Koloreak eta bihotzak beti erakartzen du, eta beste xarma bat dauka Euskal Herriko koloreak soinean daramatzazunean edo errepresentatzen dituzunean. Desberdina da, eta horrek gustura sentiarazi izan nau.

Nola ikusten duzu Euskal Selekzioaren etorkizuna?

Oso iluna. Beti berdina esaten dut, baina hala ikusten dut. Oso goi mailako politika ikusten dut, eta konponbiderako bidea oso urruti dagoelakoan nago. Azken hogei urteotan ez da asko aldatu Euskal Selekzioaren egoera, eta zenbait kiroletan okerrera egin du, gainera. Ikusiko dugu zer datorren, baina...

Ofiziala izango al da inoiz Euskal Selekzioa?

Baietz uste dut, baina horretarako politikoek adostasuna lortu behar dute. Egunotan ari gara entzuten Espainiako futbol selekzioa etorriko dela eta ez dela etorriko, eta Eusko Jaurlaritza ari da ofizialtasunaren alde, pixkat argiago, zerbait esaten, baina auskalo. Nik ofizialtasuna lortuko dela uste dut, baina urruti ikusten dut, eta lan asko egin beharko da.

Zer iruditzen zaizu Gure Esku Dago dinamika, oro har.

Norberak erabakitzeko eskubidea duenean askatasun handiagoa du erabakiak hartzeko. Herri bezala, talde bezala edo pertsona bezala erabaki behar du bakoitzak. Behartzea alde batean edo bestean egotera, atzera pausoak egitea da. Azkenean, boterea nahasten da hor ere, eta nire ustea da norberak nahi dituen erabakiak hartu behar dituela eta zer nahi duen esateak inor ez duela kaltetzen.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu