Bosgarren edukiontziaren gaineko ikastaro berria, urtarrilaren 30ean

Uztarria.eus 2014ko urt. 27a, 17:18
Hondakin organikoentzako edukiontziak, Perez Arregin.

Bi saio emango dituzte, bata goizez (10:30etik 12:00etara) eta bestea arratsaldez (18:00etatik 19:30era), Sindikatu Zaharrean. Azpeitian auzokonposterako gune berriak eraikiko dituztela ere jakinarazi du Urola Erdiko Mankomunitateak. Ikastaroa egin ahal izateko, aurrez izena eman beharko dute interesa dutenek.

Urola Erdiko Mankomunitateak ikastaro berri bat emango du ostegun honetan, urtarrilak 30, bosgarren edukiontzia edo edukiontzi marroia deritzonaren gaineko argibideak emateko. Etxeko hondakin organikoa jasotzeko erabiltzen den edukiontzi hori erabiltzen hasi nahi dutenek bi saio izango dituzte aukeran ostegunean, biak Sindikatu Zaharrean: bata goizez (10:30etik 12:00etara) eta bestea arratsaldez (18:00etatik 19:30era).

Ikastaroan parte hartuko dutenei bosgarren edukiontzia erabiltzeko argibideak, etxerako edukiontzi txikia, poltsa biodegradagarriak eta kaleko edukiontzi marroiko giltza emango zaizkie.

Auzokonpostatze gehiago

Konpostatzea da hondakin organikoak birziklatzeko herritarrek aukeran duten beste bidea. Horri dagokionez, Azpeitian auzokonposterako gune berriak eraikiko dituztela ere jakinarazi du Urola Erdiko Mankomunitateak. Momentu honetan zortzi dira martxan dauden auzokonposterako guneak: Urrestillan hiru, Sanjuandegin bi, eta Damaso Azkuen, Enparan dorretxean eta Garmendin bana.

Auzkonpostatze gune berriei dagokienez, haietan parte hartzeko ikastaroa egin ahal izateko, aurrez izena eman beharko dute interesa dutenek; horretarako, 943857319 telefono zenbakira deitu behar dute. Eta informazio gehiago nahi izanez gero, berriz, www.urolaerdia.org webgunean sartuta aurkituko dute; webgunean bertan ere eman dezakete auzokonposterako izena.

"Hondakin organikoak modu arduratsuan kudeatzeko, autokonposta nahiz auzokonposta egitera animatzen ditugu azpeitiarrak, modu honetan, hondakinen zati bat zirkulaziotik ateratzen delako. Gainera, auzokonposta eta etxeko konpostajea egiten duten herritarrek zaborraren tasan %25eko hobaria dutela gogoratu nahi dugu", azaldu du Mankomunitateak.