400 ekarpen baino gehiago jaso dituzte 'Denon Artean' prozesu parte-hartzailearen baitan

Uztarria.eus | Udala
2014ko urt. 24a, 13:32

Auzoz auzo eta arloz arlo egindako bileretan, postontzi eta Internet bidez jaso dituzte ekarpenak, eta orain proposamenak aztertzen ari direla azaldu dute Udal gobernuko ordezkariek. Otsailaren hasieran onartuko dituzte aurrekontuak.

Udal gobernuko kideak aurrekontuen prozesu parte-hartzailearen balorazioa egin dute gaur.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Bukatu da 2014rako udal aurrekontuak osatzeko Denon Artean prozesu parte-hartzailearen lehen fasea eta, horrekin bukatu da herritarren ekarpenak biltzeko prozesua. 400 ekarpen eta proposamen baino gehiago jaso dituzte auzoka eta arloka egindako bileretan, postontzi bidez eta Internetez. Batez ere, hirigintzari lotutako eskariak jaso dituztela esan du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta azaldu duenez, "prozesu arrakastatsua" izan da: "Duela bi urte proba moduan abiatu genuen udal aurrekontuak osatzeko parte-hartze prozesua, eta egonkortuta dago jada. Sendoa da prozesua. Gainera, azpeitiarrek egun ez lukete onartuko parte-hartze prozesurik gabeko aurrekonturik".

Gero eta ekarpen "egokiago, konkretuago eta garatuago" egiten dituzte herritarrek, eta "bizi dugun egoera kontuan hartuta egindako proposamenak dira guztiak", esan du Etxeberriak. Batzarretan prozesua "oso ondo" baloratu dela eta sentsibilitate desberdinetako herritarrek hartu dutela parte azaldu du. 

Udal gobernua ekarpen eta proposamenak aztertzen ari da, aurrekontu proiektua gauzatu aurretik, eta Etxeberriak azaldu duenez otsailaren hasieran onartuko dituzte aurrekontuak. Urteetan herritarrek egindako eskariak mahai gainean dituztela ere esan du, eta batez ere, hazkunde ekonomikoa sendotzea, gizarte zerbitzuen alorra indartzea, etxebizitzaren inguruan proiektuak garatzea, eta hainbat hirigintzako proiektu gauzatzea ari dira aztertzen.

Aurtengo prozesu parte-hartzailea Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa (urrian onartu zuten udalbatzarrean aho batez, eta epe motzean aurkeztea aurreikusten dute), Udalean ordezkatuta dauden alderdien eta herritarren ekarpenak kontuan hartuta gauzatu da.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu