Libre Asteburuaren barruan pilota jaialdi berezia izango da otsailaren 8an, Frontoi Txikian

Uztarria.eus 2014ko urt. 21a, 18:30
Auzipetuek aurkeztu dute Libre Asteburua. Ezkerretik bigarrena, Olatz Izagirre. (Hodei Iruretagoiena)

Segiko gazteen eta herriko tabernen kontrako epaiketen "izaera politikoa eta antidemokratikoa salatzeko" ekitaldiak egingo dituzte otsaileko bigarren aste bukaeran Beasainen, Tolosan, Bergaran eta Azpeitian.

Libre Asteburua izenarekin Gipuzkoako lau herritan otsailaren 8 eta 9rako prestatu dituzten ekitaldiak aurkeztu dituzte gaur, asteartea. Beasainen, Tolosan, Bergaran eta Azpeitian izango dira Segiko gazteen eta herriko tabernen kontrako epaiketen "izaera politikoa eta antidemokratikoa salatzeko" ekitaldiak.

Azpeitian, otsailaren 8an (zapatua) pilota partida bereziak jokatuko dituzte Frontoi Txikian, 18:30ean hasita. Batetik, palaz, Ainhoa Garmendia eta Amaia Irazustabarrena Gipuzkoako txapeldunek Haritz eta Ertxin bikoarekin neurtuko dituzte indarrak. Eskuz, berriz, Mikel Goñik bakarka egingo dio aurre Jabier Odriozolak eta Josu Uzkudunek osatutako bikoteari.

Madrilgo Auzitegi Nazionalean urrian abian jarri ziren bi makroepaiketetan Azpeitiko bizilagun eta elkarteak tartean dira: Orkatz Kultur Elkartea 35/02 sumarioan edo herriko tabernen auziaren barruan ari dira epaitzen, eta Olatz Izagirre, berriz, 26/11 sumarioan, 2009ko Segiren aurkako sarekadaren ondoren auzipetutako 40 gazteei eragiten dien epaiketan; azken epaiketa hori urtarrilaren 31n bukatuko da eta Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak auzipetuentzat seina urteko kartzela zigor eskaera berretsi zuen joan den astean.

Libre Asteburuaren aurkezpenearen xehetasunak, Libreren webgunean eta Berria.info-n.