Oihane eta Naiara Larrañaga: "Imanolek historialari, idazle eta antzerkigile gisa egindakoak errepresentatu ditugu karrozan"

Uztarria.eus 2014ko urt. 17a, 14:58
Oihane eta Naiara Larrañaga Antxieta Etxea, Imanol Elias zenak hainbat urtean lan egin zuen eraikina, atzean dutela.

Oihane Larrañaga Mendia eta Naiara Larrañaga Agirre sansebastianetako haurren daborradako karrozari azken ukituak ematen dabiltza egunotan. Etchola Atelier enpresako bi azpeitiarren proiektuak irabazi zuen 2014ko karroza lehiaketa, eta Imanol Elias Odriozola (1936-2013) irudikatuko dute haurren danborradako karrozan, eta Iraurgi ikastetxeko bost haur izango dira bertan. Oihanerekin eta Naiararekin hitz egin du Uztarria.com-ek.

Zer dela-eta aurkeztu zineten lehiaketara?

Oihane Larrañaga: Aukera ona delakoan aurkeztu ginen.

Naiara Larrañaga: Aukera ona da ezagutzera emateko. Niri betidanik gustatu zait karrozen kontua. Txikitan asko ezagutu dut nere amak eta aitonak egin izan dituzte-eta urte askoan. Amari esker bizi izan dut karrozaren prozesua, batez ere. Amak asko erakutsi dit halako gauzetan, eta nahi genuen geure kabuz egiten saiatzea eta ikustea ia zer ateratzen zen.

Oihane Larrañaga: Publizitate ona da, gainera, jendeak Etchola Atelier ezagutzeko. Izan ere, orain dela urte eta erdi jarri genuen estudioa martxan. Batera hasi ginen lanean estudioan. Estudioa da, baina aldi berean artisauekin-eta lan egitea gustatzen zaigu. Barne diseinuko proiektua da, baina kolaborazioak egiten ditugu eta berrerabilitako gauzekin ere egiten dugu lan.

Imanol Elias Odriozola (1936-2013) zen karrozarako gaia. Erraza egin al zaizue?

OL: Gustura sentitu gara. Ezagutu, ezagutzen genuen, baina ez genekien bere biziaz, bere lanaz-eta, gehiegi. Bere iloba, Markel Mendizabal, ezagutzen dugu eta hark eman digu Imanolen gaineko informazioa. Laguntza handia izan da guretzat. Gaia oso interesgarria iruditu zaigu.

NL: Bagenekien liburuak idatzi zituela, antzerki munduan ibili zela… etxean zerbait kontatu izan digute eta zerbait bagenekien. Markelen laguntzaz sartu gara bere bizitzan eta oso gustura aritu gara.

OL: Pertsona interesgarria da. Gaur egungoa da, gainera.

NL: Gauza askotan aritutakoa da, eta herriarentzat gauza asko egindakoa. 

Imanolen bizitzako zein parte irudikatu dituzue?

NL: Bere bizitzako arlo desberdinak hartu ditugu aintzat. Historialari eta idazle gisa eta antzerki munduan egindakoa errepresentatu ditugu. Batez ere, herriarentzat izan zena, herritar bat gehiago izan zela eta Imanolek egindako lanak hartu ditugu kontuan karroza egiterakoan.

Imanol ordezkatuta egongo al da karrozan?

OL: Bai, baina… Hiru mutil joango dira karrozan, eta hirurak izan daitezke Imanol; bat gaztetan, bestea helduago zenean… Horrez gain, karrozan izango den nesketako bat izan daiteke antzerki bateko aktorea edo Imanolen emaztea ere.

Aurreko urteetako karrozak erreferentzia izan al dira zuentzat?

NL: Uste dut azken urteetan atera diren karrozen desberdina izango dela aurtengoa.

OL: Saiatu gara karrozari kolorea ematen. Kontuan izan dugu umeen karroza dela, eta fantasia ikutua eman diogu, nahiz eta Imanol Elias errepresentatzen duen.

Zer material erabili dituzue?

NL: Egurra, batez ere. Kontuan izanda, karrozaren oinarria egurra izaten dela, euria egin dezakeela eta kanpora atera behar dela. Horrez gain, pieza zaharrak eta biniloa erabili ditugu.

NL: Materialak kalera ateratzeko gogorra izan behar du.

Azken orduko estuasunik gabe zabiltzate, ezta?

NL: Bai, lasai gabiltza. Hasieran lotu genuen dena. Orain, berriz, gainean egon behar dugu eta detailetxoak lotzen gabiltza. Pentsatzen genuen estuasun gehiago izango genuela, baina ez, ondo moldatu gara.

OL: Gabonetan izan genuen presio pixka bat sansebastianak gainean ikusten genituelako. Joan den astea izan zen, batez ere, lan aldetik estuena. Gaur bukatuko dugula uste dut.

Jendeak esango duenak kezkatzen al zaituzte?

NL: Denetik entzuteko prest gaude. Gustura ari gara lanean, eta hori da garrantzitsuena guretzat.

OL: Kritikak entzuteko prest gaude.

NL: Horietatik ikasi egiten da. Kuriositatea ere badugu, noski.

Iazko eguraldia ikusita…

OL: Kezka eta beldurra badugu. Eguraldiak dena izorra dezake.

NL: Zer eguraldi egingo duen begira ari gara egunero. Egunero horixe pentsatzen ari naiz. Gainera, euria eman dute…