"Biolentzia ezberdinek eragindako biktimak" izango dituzte gogoan San Sebastian bezperan, gauerdian

Uztarria.eus 2014ko urt. 15a, 12:07

Azpeitiko Bilduk udalbatzarrean proposatutako testua irakurtzea onartu zuten danbor taldeek atzo, asteartea, helduen danborradako entseguaren ostean.

Azpeitiko Bilduk udalbatzarrean proposatutako testua irakurtzea onartu zuten danbor taldeek atzo, asteartea, helduen danborradako entseguaren ostean. Hori dela-eta, San Sebastian bezperan, gauerdian, bandera igo aurretik, "biolentzia ezberdinek eragindako biktimak" izango dituzte gogoan, plazan.

Testua irakurri ala ez bozkatu zuten hainbat danbor taldetako ordezkariek entseguaren ostean, eta testua irakurtzearen aldeko 15 bozka, ez irakurtzearen aldeko hiru eta beste hainbat bozka zuri izan ziren, orotara. Guztira, 26 taldek hartuko dute parte helduen danborradan.

Hemen helduen danborradan, gauerdian, irakurriko duten testua osorik:

"Gaurko honetan denok aurrera pauso bat eman nahi dugu herri honetako elkarbizitza indartzeko, eta adierazpen publiko honek azpeitiarrok aurrera egiten lagundu nahi du.

Azpeitia asko sufritu duen herria da. Horregatik, gure elkartasun zintzoena helarazi nahi diegu urte luzeotan dufritu duten eta sufritzen ari diren herritar eta familia guztiei.

Biolentzia ezberdinak eragindako biktimak aitortu nahi ditugu. Atzera begirako hausnarketa bateratua egin behar dugu berriro horrelakorik ez gertatzeko. Bereziki, oroimenean izan behar ditugu azken urteotan hildako azpeitiarrak. Beren lagun eta senideak babestea tokatzen zaigu gaurkoan danbor hotsez. Giza eskubide guztien urraketak salatu nahi ditugu, sufritu dutenei eta une honetan sufritzen ari direnei, bereziki, babesa adierazi nahi diegu. Presoak eta beren eskubideak gogorarazi nahi ditugu. Etxean lehenbailehen behar ditugu. Era berean, kezka handia sortzen zaigu epaitzen ari diren azpeitiar bat kartzeleratua izan daitekeelako. Espetxeak husteko garaia da, ez betetzen jarraitzeko.

Azpeitian itxaropena eta ilusioa izan behar dugu. Elkarrekin bizi gara eta inkomunikazioa alde batera uzteko garaia da. Denok hartu behar dugu konpromisoa gure herrian elkarbizitza eta adiskidetzea nagusitzeko, atzetik datozen belaunaldiek guk pairatu duguna jasan ez dezaten.

Denok eman behar ditugu pausoak eta gure arteko ezin ikusiek ezin dute tokirik izan Azpeitian. Herritarroi eskatzen dizuegu ezinikusiak alde batera uzteko. Azpeitian eta Euskal Herriak merezi duelako. Plaza honek merezi duelako".