Etxebeltz eta Ikasberriko guneak lotuko dituen oinezkoen pasabidearen lanak hasi dituzte

Uztarria.eus 2014ko urt. 10a, 18:25

Etxebeltz-Izarrako auzunea eta Azpeitiko Ikastola Ikasberri eta Jesus eta Maria komentuko inguruak lotuko dituen oinezkoentzako pasabidea egiten hasi da Udala. Semaforodun zebrabide berria Loiolako Hiribidean, Etxebeltz-Izarrako eta Olatzerako bidegurutzeko biribilgunetik gertu jarriko dute. Horrekin batera, Jesus eta Maria aldeko espaloia egokituko dute.

Orain arte, Esklabetan eta Loiolan -Kiruri jatetxearen inguruan- bakarrik zuten oinezkoek Loiolako Hiribidea zeharkatzeko aukera. Udalak jakinarazi duenez, pasabide berria Etxebeltz-Izarrako bizilagunen eskaera izan da, Denon Artean aurrekontu parte-hartzaileen bileran adierazia.

Gaur, ostirala, hasi diren lanak bi astez luzatuko dira. 60.000 euroko aurrekontua dute, eta Art enpresak egingo ditu.