Gaur hasiko dira danborradako entseguak

Uztarria.eus 2014ko urt. 9a, 13:49
Joan den urteko haurren danborradako entsegu bat.

Gaur, asteartea, asteazkenean eta ostegunean izango dira bai haur eta gaztetxoen eta bai helduen danborradetako entseguak, Izarraitz pilotalekuan.

Sansebastianak gerturatzen ari direla-eta, helduen eta haurren danborradetako entseguak egingo dituzte datozen egunetan.

Lehenengo entseguak gaur, asteartean, izango dira; 16:00etan haur eta gaztetxoena eta 21:00etan, berriz, helduena. Bihar, asteazkena, izango da bigarrena, eta hurrengo egunean, ostegunean, hirugarrena eta azkena. Entsegu guztiak ordu berdinetan izango dira, Izarraitz pilotalekuan.

Danborradarako proposamenak

San Sebastian bezperako danborradarekin lotuta proposamen bat plazaratu zuen joan den astean egindako udalbatzarrean Bilduk. Aspaldiko urteetan, gauerdian bandera igo aurretik, helduen danborradako taldeen ordezkariek egoera politikoarekin eta bereziki presoen egoerarekin lotutako testua irakurri izan dute. Hori dela eta, "eta jakinik guri ez dagokigula, beraiek erabakitzen dutelako", Udalak danborradako taldeei proposatzeko testu bat aurkeztu zuen Udal Gobernuak. "Agian batzuk nahi adinako sendoa ez izan arren, bizikidetzan aurrera egiteko pauso kualitatibo" gisa aurkeztu zuen testu hori Etxeberria alkateak.

Oposizioko taldeek testua bera orokorrean modu positiboan baloratu zuten, baina bai EAJ eta bai Hamaikabat festetako ekitaldiak politikarekin ez nahastearen alde agertu ziren. "Izatekotan, pakearen aldeko minutu bateko isilunea eskatuko genuke", esan zuen Gorrotxategik, "testu batean sentsibilitate denak jasotzea oso zaila delako".

Iritzi guztiak entzunda, danborradako taldeei mahai gainean jarritako proposamen guztiak aukeran jartzea erabaki zuten. Horrela, eta beti ere azken hitza taldeena izango dela nabarmenduta, Udalbatzarrera eramandako testua edo besteren bat irakurtzea, isilunea eta ekitaldirik ez egitea izango dituzte aukeran urtarrilaren 19ko danborjoleek. Gaur, asteartea, hartuko dute erabakia helduen entseguaren ostean.