Mondragonek ezetz esan dio Grumal kooperatiba bihurtzeko eskaerari

Berria.info, Uztarria.com 2014ko urt. 8a, 11:35

Arrasateko taldeak 15 egunean ez badu iritzia aldatzen, Azpeitiko enpresa ixteko erabakia hartuko dute administratzaileek. Edesa eta Grumal batera itxi, eta 250 langile kaleratu ditzakete erregulazio handi batean.

Edesa eta Grumal amildegitik gertuago daude egunak pasatu ahala. Azpeitiko sukalde altzarigilearen langileen ordezkariek batzarra egin zuten atzo Fagor Etxetresnen konkurtsoa kudeatzen ari diren administratzaile judizialekin, eta haiek jakinarazi zieten Mondragon taldeak ez duela onartu Grumaleko langileen proposamena. Mondragon taldearen barruan sartuko litzatekeen kooperatibari ekin nahi diote beharginek, 50 bat langilerentzako lan karga ikusten dutelako. Enpresa berriaren bazkidetzarekin hartuko luketen arriskuaren truke, beste langile guztiei erantzun bat emateko eskatu dute, aldez aurretiko erretiroa 55 urtetik gorakoentzat eta lanpostu berriak Mondragonen beste kooperatibetan kanpoan geratzen direnentzat. Borondatez lana utziko luketenak ere badirela diote.

Arazoa da Mondragonek ez duela "inolako asmorik" proposamen hori onartzeko. Hala uste dute bileran izandako ordezkari sindikalek. Haatik, administratzaileak berriro batzartuko dira Mondragoneko ordezkariekin Grumalekoen proposamena berriro azter dezaten; baina hamabost egun barru erantzunik ez bada, Grumal likidatzeko bidean jarriko dute administratzaileek, enpresa ixteko erregulazio baten bidez. Eta dosier horretan Edesa ere sartuko lukete. "250 bat langilerentzako erregulazio dosier handi bat litzateke", iturri berberen ustez. Basauriko Edesa eta Azpeitiko Grumal aldi batean likidatzeko aukera zabalik dago, beraz. "Diseinatuta daukate".

Datorren astean, ostiralean, Grumaleko ordezkaritza bat Gasteizen izango da Eusko Jaurlaritzarekin batzarra egiteko. Aurretik Azpeitiko enpresako langileek batzarrak egingo dituzte, besteak beste mobilizazio egutegi bat prestatzeko. "Premiazko bilera izango da", diote iturri berberek. "Ez dugu arrazoi askorik pentsatzeko Mondragonek gure proposamena onartuko duela, eta egoera horretarako prest egon behar dugu".

Abenduaren 9an Pedro Malagon Merkataritza arloko 1. Epaitegiko titularrak, Fagor Etxetresnen konkurtsoa kudeatzen ari den epaileak, Grumal konkurtso legean zela deklaratu zuen ebazpen batean; Proieken konkurtsoa ere deklaratu zuen idatzian, eta zirkulua itxi zuen, Fagor Etxetresnak oso-osorik konkurtsoan utzita. Grumalen kontuek argi erakutsi zuten "beste aldagairen beharrik gabe", "kaudimengabea dela argi eta garbi". Azpeitiko sukalde altzarigileak 12,5 milioi euroko pasibo korrontea zuen, eta aktiboa, berriz, oso urrun zegoen zorretik, 2,6 milioikoa baino ez baitzen. Enpresaren likidezia, berriz, 36.000 eurotan finkatu zuen epaileak.

Bazkide izan nahi, eta ezin

Fagor Etxetresnak kooperatibak 2005ean erosi zuen Azpeitiko sukalde altzarien enpresa, atal horretan ere bere adarra edukitzeko. Grumaleko langileak kooperatibista izateko prozesuan sartuko zirela agindu zuen Fagorrek, baina urteak joan diren arren, langileek ez dute aurrera egin bazkidetzaren bidean, eta taldea erori denean beste bazkide kooperatibistek duten babes mailarik gabe geratu dira.

"Kooperatiba barruan egiten zen esfortzu berbera egin dugu. Gauza batzuetarako kooperatibista modura tratatu gintuzten, baina beste gauza batzuetarako ez, orain ikusi den bezala; klinex baten antzera erabili eta gero botatzeko", esan zion Berria-ri Patxi Isasmendik, langile batzordeko presidenteak. Administratzaileekin abenduan izandako bileran jakin zuten Fagorrek salgai zuela Grumal aspaldian.

Edesako langileek bezala, Grumalekoek ere Fagor Etxetresnen krisi honetan tratu ezberdina jasotzea salatzen dute. Hau da, Mondragon taldeak Fagorreko langile bazkideei beste lanpostu bat lortzeko plana jarri duela martxan (jada 450 bazkidetik gora lortu dute lanpostu berria), eta Edesa eta Grumaleko beharginak plan horretatik kanpo daudela, ez direlako kooperatibak, sozietate anonimoak baizik.