Maria Jesus Arregiren biografia aurkeztu du Uztarriak

Uztarria.eus 2013ko abe. 28a, 13:57
Mahaian ezkerretik eskubira, Eneritz Albizu liburuaren egilea, Maria Jesus Arregi protagonista eta Ainitze Agirrezabala Uztarriako kidea.

Maria Jesus Arregiren biografia aurkeztu du Uztarria Komunikazio Taldeak gaur, zapatua, Sanagustin kulturgunean. Jende ugari izan da aurkezpen ekitaldian. Besteak beste, Arregiren senitarteko eta lagunak. Eneritz Albizuk idatzi du liburuxka.

Maria Jesus Arregi Uzinen biografia aurkeztu du gaur, zapatua, Uztarria Komunikazio Taldeak. Sanagustin kulturgunean izan da aurkezpena eta jende ugari bertaratu da. Han izan dira, besteak beste, Arregiren senitarteko eta lagunak.

Eneritz Albizu kazetariak idatzi du biografia liburua, eta berak azaldu duenez, "hasieran ez nuen ezagutzen Maria Jesus, eta berarekin amets egiten bukatu dut". Arregi pertsona "ona" dela eta "urrezko bihotza" duela gaineratu du: "Gehien behar duenari laguntzen eta herriarengatik lanean aritu da eta aritzen da. Mila gauzatan jardun du lanean, eta bakegintzan ere jarri du bere hondar alea". Albizuk azpimarratu duenez, Arregik "oso ondo islatzen du emakumearen papera": "Gizarte honetan gizonezkoak izan dira beti puntan, baina hori ez da hala. Etorkizunak emakume aurpegia du, eta Marije da horren adibide".

Maria Jesus Arregik ere hartu du hitza aurkezpen ekitaldian, eta esker hitzak izan ditu guztientzat. Liburuaren egile Albizurentzat ere bai: "Aurretik ez ginen ezagutzen, eta intimitateak kontatzen bukatu dut. Eskertu behar dut hemen gaudela akordatu izana". Horrez gain, bilobak izan ditu gogoan Arregik, eta "amama igoal ez, baina liburua beti hor izango dute" esanez bukatu du jarduna.

Aurkezpenaren bukaeran Arregirekin kantu jiran aritzen diren lagunek Xabier Leteren Habanera abestia kantatu dute eserlekuetatik. Gero, Arregik berak liburuxkarako idatzitako bertsoa kantatu du. 

Hemen bertsoa osorik:

Uztarriatik datorkit

liburuxkaren eskaintza

esker onean sortzen zait

beraiekin parte hartzea

gaur eguneko egoeran

garrantzia, lehentasuna

famili, langabeziak

osasuna ta bakea

gorabeherak izan arren

hamaika arazo dira

adostasunak sortuaz

eraiki sendotasuna

indartu gaitezen denok

sustrai sakonak badira

merezi du gure herriak

egin dezagun aurrera.

Hamargarren liburuxka, aurtengo bigarren produktua

Maria Jesus Arregiri eskainitako liburuxka Uztarria Komunikazio Taldeak 2009an abian jarri zuen liburuxka biografikoen proiektuaren hamargarren alea da. Lehenengoa Julian Bereziartuarena izan zen eta bigarrena, Leo Etxeberriarena. Hirugarrena, Valentina Agirrerena eta laugarrena, Santi Lazkanorena. Uztarriak kaleratutako bosgarren liburuxka Amaia Garmendiarena izan zen eta Enkarna Arregirena, seigarrena. Zazpigarrena, Iñaki Bergara Pio-rena izan zen, eta zortzigarrena Bernardo Aizpitarte Kabra-rena. Enrike Zurutuzarena bildumako bederatzigarren liburuxka biografikoa izan zen. Hamargarren zenbakira iritsi da liburuxka biografikoen proiektua Maria Jesus Arregiren liburuxkarekin, eta datorren urtean ere liburuxkekin lanean jarraitzeko asmoa du Uztarria Komunikazio Taldeak.

Herriko kazetari gazteei idazteko aukera ematea eta hainbat azpeitiarren biografiak argitaratzea dira Uztarriak proiektu honetan uztartu nahi dituen helburuak.

Maria Jesus Arregiri buruzko liburuxka Belaetxe liburu dendan eta Uztarriaren egoitzan (Perez Arregi, 1 behea) salgai da dagoeneko, 5 euroren truke.

Uztarriak hainbat produktu kaleratu du bere sorreratik, eta liburuxka biografikoak ez ezik, bertsoen disko bat eta beste hainbat liburu ere argitaratu ditu; 24 produktu guztira. Aurten, esaterako, Errezildarren ateraldiak liburua ere kaleratu du Uztarriak.