Herriz Herri argazki lehiaketaren sari banaketa eta proiekzioa, igandean Sanagustinen

Uztarria.eus 2013ko abe. 27a, 18:56

Hainbat herritako argazki rallyetan izandako sailkapena kontuan hartzen duen sariketaren lehen edizioa Carlos de Cosek irabazi du. Igandeko ekitaldia 12:30ean hasiko da eta sarituak izan diren hamar argazkilarien lanen bilduma proiektatuko dute.

Igandean, abenduak 29, banatuko dituzte Sanagustin kulturgunean I. Herriz Herri argazki lehiaketaren sariak, 12:30ean hasiko den ekitaldian. Zarautzen, Eibarren, Legazpin, Zumaian, Donostian, Soraluzen eta Azpeitian -hemen, hiru- urtean zehar egindako argazki rallyetan parte hartu duten argazkilarien sailkapenen emaitza da Herriz Herri sariketa. Hain zuzen ere, gutxienez lau rallytan parte hartu duten argazkilariak hartu dituzte kontuan sariketarako, eta argazkilari bakoitzaren zazpi puntuaketa onenak.

Horren arabera, Carlos de Cosek jasoko du lehen saria, baina guztira hamar argazkilari sarituko dituzte, eta horien artean nabarmena da Azpeitiko Argazki Elkarteko kideen presentzia. Hona hemen, I. Herriz Herri lehiaketan saritutako hamar argazkilarien zerrenda:

  1. Carlos de Cos
  2. Fernan Oregi
  3. Imanol Manterola
  4. Oscar Baile
  5. Juan Ramon Llavori
  6. Alex Garai
  7. Carlos Mediavilla
  8. Mikel Zengotita
  9. Iñaki Etxenagusia
  10. Juan Joxe Agirre

Sariak banatu aurretik, zerrendako hamar argazkilarien lanekin osatutako argazki bildumaren proiekzioa ikusteko aukera izango da.