2014rako asmoak finkatu ditu Uztarriak

Uztarria.eus 2013ko abe. 27a, 18:37
Sindikatu Zaharrean egin zuen Uztarriak bazkideen batzarra.

2013ko balantzea aurkeztu eta datorren urteari begirako helburuak azaldu eta bazkideen ekarpenekin osatu ditu Azpeitiko komunikazio taldeak urteroko batzarrean. Azaroan 15 urte beteko ditu Uztarria aldizkariak.

Uztarria Komunikazio Taldeak bazkideen urteroko batzarra egin zuen atzo, abenduaren 26an. 2013ak eman duenaren berri jaso zuten Sindikatu Zaharrean elkartutako bazkideek, eta datorren urteari begira Azpeitiko komunikazio taldeak dituen asmo eta erronkei ekarpenak egitekoa ere bai.

Bukatzear den urtea positiboa izan da Uztarriarentzat: ekonomikoki sendo eutsi dio, krisi egoeraren barruan, eta orain dela urtebete finkatutako helburuak bete edota betetzeko bidean da. 2014rako ere ez du asmo berririk falta.

Produktuak

Uztarriarentzat urte berezia izango da 2014a, datorren azaroan herri aldizkariak 15 urte beteko dituelako (1999ko azaroan atera zen lehen zenbakia). Urteurren hori gogoan lanean ariko da Uztarria Komunikazio Taldea datozen hilabeteetan, baita lan horren fruituak aurkeztuz ere. 2013an hasitako bideari jarraituz, aldizkariko zenbait atal zaharberrituko dira. Bestetik, aldizkariaren zabalkundea areagotzeko zenbait neurri ere aztertuko dira.

Uztarria.com webgunean, 2012ko otsailean berritu zenetik hona erabiltzaile kopuruak goranzko bidean darrai: 2013a oraindik amaitu gabe, urte hasieratik hona ia 400.000 bisita izan ditu, 2012an baino 187.500 gehiago. Bataz beste, egunean 3.500 bisita baino gehiago ditu Uztarria.com-ek. 2014an, webgunearen edukiak eta eskaintza osatzen jarraitu nahi du Uztarriak. Besteren artean, erronka nagusia gailu mugikorretarako aplikazioa sortzea izango da. Gida komertziala eta zerbitzuen atala hobetzeko lanak ere egingo dira, eta erabiltzaileen -bereziki norbanakoen- parte-hartzea areagotzeko pausoak eman ere bai.

Liburuxka biografikoen saila, berriz, 2014n osatu eta bukatu nahi du Uztarriak. Bihar, abenduak 28, 2009an abian jarritako proiektu horren hamargarren alea aurkeztuko du Uztarriak Sanagustinen (12:00): Maria Jesus Arregiri eskainitakoa (Eneritz Albizuk idatzi du). Hasieran planteatu zen bezala, dozena bat liburuxka argitaratzeko helburuarekin ekin zitzaion sailari. Hamaikagarrena lotuta dauka Uztarriak eta, dena ondobidean, 2014arekin amaituko da liburuxka biografikoen ibilbidea.

Uztarriak bere bazkideei eskaintzeko eta Azpeitiari euskarazko eta kalitatezko produktuekin ekarpena egiteko asmoak ez ditu, ordea, bazterrean utzi nahi. 2015etik aurrera aldizkaria eta webgunea osatzeko landu daitezkeen produktuen inguruan hausnartzeko ere balioko du 2014ak, atzoko batzarrean egin zen bezalaxe.

Bazkidetza eta gazteak

1.052 bazkiderekin itxiko du urtea Uztarria Komunikazio Taldeak; krisi garaiotan modu positiboan baloratu beharreko kopurua, batik bat azken urteetan bazkide galera aipagarririk ez delako izan -2013 bukaeratik zertxo bat gora ere egin du, gainera, kopuruak-.

Hala ere, eta Uztarriaren sustengu ekonomikoarentzat bazkideek duten garrantzia kontuan hartuta, 2014an ahalegin berezia egin nahi du komunikazio taldeak bazkidetzaren arloan. Batzarrean hainbat bazkidek aipatu bezala, bereziki gazteengana bideratu nahi ditu ahaleginok Uztarriak, etorkizuna pixkanaka bermatuz joateko. 2008az geroztik, Uztarriaren bazkide kuota urteko 30 dira eta 2014an ere kopuru berari eutsiko zaio.

Bazkidetza kuotak eta diru-laguntza publikoak ez ezik, Uztarriak urtean zehar autofinantzaketarako bestelako lanak ere egiten ditu. 2013an, saninazioetako tonbola eta Frantziako Tourraren inguruko porraz gain, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako porra ere antolatu du. 2014an ere landuko ditu komunikazio taldeak finantzaziazio propiorako bideak.