Aimar Irigoienek irabazi du Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa

Uztarria.eus 2013ko abe. 24a, 10:55

Herenegun jokatu zen txapelketa Asteasun, eta zazpigarrenez jantzi du txapela errezildarrak.

Espero bezalako emaitza izan zuen herenegun, igandea, Asteasuko Usarrabi pilotalekuan jokatu zen Harri Handien Txapelketak. Aimar Irigoien (Errezil, 1986) harri-jasotzailea nagusitu zen alde handiarekin, eta zazpigarrenez erdietsi zuen titulua. Harri-jasotzaileek lau harri jaso behar izan zituzten, eta hirugarren lanaren ostean nagusi zen Irigoien. 

Lehenengo lanean 200 kiloko errektangularra jaso zuten, eta Irigoienek zortzi altsaldi egin ahal izan zituen. Bigarren harria 175 kiloko zilindroa izan zen, eta Irigoienek 16 aldiz jaso zuen. 150 kiloko kubikoan ere Irigoien izan zen nagusi 13 aldiz jasota eta, azkenik, 125 kiloko bola igo behar izan zuten harri-jasotzaileek, eta errezildarrak 19 aldiz jaso zuen. Harri bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutu izan zituzten harri-jasotzaileek.