Olentzeroren lehen etorrera gaur, ikastetxeetan

Uztarria.eus 2013ko abe. 19a, 18:33

Gaur, ostirala, Iraurgi Ikastetxera eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraira goizez eta Azpeitiko Ikasberri Ikastolara bazkalondoan iritsiko da ikazkin oparigilea. Hiru ikastetxeetan festa giroko ekitaldiekin egingo diote harrera.

Gaur, abenduak 20, Gabonetako oporrak hartuko dituzte Azpeitiko ikastetxeetan. Urtero bezala, opor aurreko azken egun hori berezia izango da, Olentzeroren etorrera ere ospatuko baitute Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek.

Iraurgi Ikastetxera goizez eta Azpeitiko Ikasberri Ikastolara eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraira bazkalondoan iritsiko da ikazkin oparigilea. Hiru ikastetxeetan festa giroko ekitaldiekin egingo diote harrera. Hona hemen bakoitzean prestatu dutena:

Azpeitiko Ikastola Ikasberri

14:50ean hasita, lehendabizi Olentzeroren bila joango dira ikasleak Olatzera. Handik ikastolara jaitsita, ongietorria egingo diote, LH4koek dantzatuko dioten aurreskuarekin. Ondoren, HHko eta LHko lehen zikloko ikasleekin elkartuko da Olentzero biltokian, eta handik aretora joango da, han abestuko dizkioten Gabon kantak entzuteko. Festa giroko arratsaldea borobiltzeko, berriz, 17:15ean txokolate-jana izango da denentzat. Olentzero aretoan izango da, eta berarekin argazkiak ateratzeko aukera izango da.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai

Goiz partean iritsiko da Olentzero Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraira. Lehendabizi Euskal Herria kaleko eraikinera egingo du bisita Olentzerok, eta hangoak bukatuta Perdillegikora joango da gero. Atarian dantza batekin egingo diote harrera ikasleek bi eraikinetan eta ondoren, barruan, izango du zer entzuna: abestiak, eskariak, eta abar. Hori guztia ospatzeko eta ohitura duten bezala, txorizoa ere jango dute bi tokietan, erromeria giro alaia osatzeko.

Iraurgi Ikastetxea

09:30ean iritsiko da Iraurgi Ikastetxera Olentzero. Haurreskolan eta Haur Hezkuntzan gelaz gela pasatuko da, haurrekin hitz egin eta gela bakoitzean oparitxoren bat uztera. Horretaz gain, goizean azoka izango dute Haur Hezkuntzan, barazki eta animaliekin, eta musika eta dantza egingo dute haurrek postuaren inguruan. Haur eta irakasleak baserritarrez jantzita etorriko dira. Txorizoarekin hamaiketakoa ere egingo dute eta, arratsaldean, Betharrameko jaiotzak ikustera joango dira Haur Hezkuntzakoak.