Adin txikiko neska bat erasotu dute

Uztarria.eus 2013ko abe. 16a, 10:00

Igande goizaldeko 04:30ak aldean jazo zen gertaera. Adin txikiko neska etxeraino jarraitu zuen gizonezko batek eta etxeko portalera sartzean egin zion eraso. Bilgune Feministak elkarretaratzea deitu du gertaera salatzeko, eta gaur, astelehena, izango da, 19:30ean hasita, plazan.

Adin txikiko neska bat erasotzeagatik 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuten igande goizaldeko 04:30ak inguruan, Sanjuandegi auzoan. Ertzaintzak jakinarazi duenez, neska etxeraino jarraitu zuen gizonezkoak, eta etxeko portalera sartzean egin zion eraso. Ertzainek jaso duten salaketaren arabera, erasotzailea portal barrura sartu eta indarrez neska lurrera bota ondoren, oihurik egin ez zezan ahoa estali zion. Baina, neskaren oihuak tarteko, hainbat lagun ohartu zen gertaeraz, eta bertaratu egin ziren. Handik gutxira, erasoaren lekura udaltzainak joan eta erasotzailea atxilotu zuten. Ertzaintzaren esku utzi zuten gizonezkoa, eta ikerketa abiatu dute. Gizonezkoak atxilotuta jarraitzen du epailearen esku utzi bitartean.

Erasoa salatzeko gaur, astelehena, elkarretaratzea izango da 19:30etik aurrera, plazan, Bilgune Feministak deituta.