EAJk zapatuan eta igandean egingo du beharra dutenei laguntzeko diru-bilketa

Uztarria.eus 2013ko abe. 12a, 12:39
Pello Elorza eta Aitor Gorrotxategi Azpeitiko EAJko kideak.

Jasotako dirua Azpeitiko Caritasi emango diote, Santo Tomas egunean. Herriko bost txokotan jarriko dituzte dirua biltzeko mahaiak, abenduaren 14an eta 15ean, eta bi kontu korronte ere ireki dituzte bilketarako.

"Azken egunetara etorri zaigun urtea oso latza izan da Azpeitiarrentzat", hala azaldu dute Azpeitiko EAJko kideek gaur, osteguna, bosgarren urtez jarraian, Azpeitiko EAJk beharra dutenei laguntzeko diru-bilketa egingo duela azaltzeko egindako agerraldian. "Aurten inoiz baino beharrezkoagoa da zure laguntza", gaineratu dute jeltzaleek: "Garai batean krisiaren horzkadak urruti ikusten bagenituen ere, gaurko egunean gero eta handiagoa da egoera latzak igarotzen ari diren herritarren kopurua. Langabezia tasa handia du gure herriak, eta horrek esan nahi du aurtengo Gabonetan etxe ugaritan tristura eta egonezina izango dela nagusi, aurrera begira etorkizuna ilu ikusten dutelako".

Horrenbestez, zapatuan, hilak 14, eta igandean, abenduak 15, jarriko dituzte Caritasentzat dirua biltzeko mahaiak. Herriko bost txokotan jarriko dituzte dirua-biltzeko mahaiak jeltzaleek, eta mahai horietara bertaratu ezin duten baina lagundu nahi duten herritarrentzat bi kontu korronte ere zabaldu dituzte. Bata Kutxan (2101 0029 20 001252794.1) eta Euskadiko Kutxa edo Laboralean bestea (3035 0020 54 0200068477).

Egunotan Zure esku dago leloarekin eskuorriak bidaltzen ari dira etxe guztietara, kanpainaren berri eman eta jendea parte hartzera animatzeko. Abenduaren 21ean, Santo Tomas egunean, emango diote bildutako dirua Azpeitiko Caritasi.

Hona hemen diru-bilketarako jarriko dituzten mahaien egunak, kokapena eta ordutegia:

Abenduak 14, zapatua:

  • Plazan, udaletxe azpian, 12:30etik 13:30era.
  • Jose Artetxe kalean, Pastorkua eta Juantxo Txiki aldean, 13:00etatik 14:00etara.
  • Sanjuandegin, Baigera aurrean, 13:00etatik 14:00etara.

Abenduak 15, igandea:

  • Jose Artetxe kalean, Pastorkua eta Juantxo Txiki aldean, 13:00etatik 14:00etara.
  • Sanjuandegin, Baigera aurrean, 13:00etatik 14:00etara.
  • Urrestillan, eliz atarian edo zumetariopean, 12:30etik 13:30era.
  • Loiolan, esplanadan, 12:00etatik 14:00etara.