"Ez dugu txerri-janaren ontzirik nahi etxe sarreretan", diote EAJren zinegotziek

Uztarria.eus 2013ko abe. 11a, 19:19

Hondakinen bilketa sistemarako aurkeztu diren hiru proposamenak ezagutu ondoren, "edukiontzi sistemarekin jarraitzearen alde" agertu dira jeltzaleak, "hondakin organikoen edukiontziari txipa jarrita, bere garaian onartu zen moduan".

Hondakinen kudeaketaren gainean Udalean lortutako akordioak zazpi hilabete iraun du. Maiatzeko Udalbatzarrean oraingotik abiatuta ahalik eta birziklatze tasa handiena ahalbidetuko duen bilketa sistema diseinatu eta ezartzea aho batez onartu zuten Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek. Joan den astelehenean, berriz, Udalak eskatuta eta %70eko birziklatze mailara iristeko helburua gogoan egindako azterketaren emaitzak aurkeztu zituen ENT enpresak, bilketa sistema berrirako hiru proposamen. Proposamenak ezagututa gaur, asteazkena, oharra plazaratu du EAJren zinegotzi taldeak. "Ez dugu txerri-janaren ontzirik nahi etxe sarreretan", diote, astelehenean udaletxean entzun zituzten proposamenak batere gogoko ez dituztela garbi utzita.

Maiatzeko udalbatzarrean jendaurrean aurkeztu zuten akordioarekin bat ez datozela uste dute EAJkoek. "Zertara dator orain, hainbeste denboraren ondoren, jadanik adostuta eta erabakita zegoen gai bat berriro ateratzea? Agian norbaitek atez atekoaren antzeko zerbait ezarri nahi digu, atzeko atea erabiliz?", galdetu du Aitor Gorrotxategi jeltzaleen bozeramaileak.

"Edukiontzi sistemarekin jarraitzearen alde" agertu dira jeltzaleak, "hondakin organikoen edukiontziari txipa jarrita, bere garaian onartu zen moduan". Gorrotxategik dio "Udalak baduela osoko bilkura batean aho batez hartutako erabaki bat, bosgarren edukiontziaren sistema garatzeko, eta oraindik ez dela gai hori arautu, ez zabaldu". EAJren bozeramailearentzari "erabateko burugabekeria" iruditzen zaio gai horren inguruko azterketekin jarraitzea, "guztion dirua alferrik gastatuz segi eta segi tematuta jarraitzea ikerketak egiten, balizko alternatibak eta gai horretan ustez adituak diren pertsonen parte-hartzeak ekarriz -diru ederra kobratuta, hori bai-, jadanik ezezkoa jaso duten alternatibak aurkeztera". Alkateari, berriz, eskatu diote "ez dadila isilik geratu eta behingoz has dadila Udalbatzak aho batez onartu zuen erabakia gauzatzen. Aski da, ez jarraitu hondakinen kontuarekin jolasean".

Azpeititik harago ere luzatu dute kritika Udaleko jeltzaleek. Gorrotxategiren hitzetan, hondakinen kontuan Bildu Gipuzkoan egiten ari den kudeaketa "kaos bat" da. Besteak beste, "alkateak 2014ko abenduan Lapatx ixteko hartu zuen konpromisoa ahaztu eta alde batera utzi" dute.