Zazpi proiektu 500.000 euro inbertitzeko

Uztarria.eus 2013ko aza. 29a, 18:58
Sanagustinen elkartu ziren herritarrak, batzarra hasteko zain.

Mendietako bidezidorrak txukuntzea, burujabetza energetikorako plangintza egitea, haur eta gazteen parte-hartze programa osatzea, oroimen historikoa lantzea, eskualdeko historia berreskuratzeko plangintza egitea, baserri-bideak konpontzea eta Lasao eta Zestoa arteko trenbidearen egokitzapen lanak egitea dira onartu dituztenak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetzazko aurrekontuen prozesuaren bukaeran.

"Eskualde izaerako proiektuak eta, herrietako proiektuen artean, landa-eremuaren garapenarekin lotura dutenak lehenestea". Irizpide horietan oinarrituta, Urola Erdirako zazpi proiektu aukeratu dituzte 2014ko foru aurrekontuetako 500.000 euro inbertitzeko,  Partaidetzazko aurrekontuak proiektu pilotuaren azken batzarrean.

Urrian jarri zuen abian Gipuzkoako Foru Aldundiak aipatu prozesua, "herritarrek erabaki dezaten diru publikoa zertan inbertitu". Ordutik hona, eta fase desberdinetan banatuta, Azpeitiko, Azkoitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako bizilagunek proposamenak egin eta proposatutakoen artean aukeratzeko modua izan dute. Hasieran jasotako 124 proposamen haietatik, 30 lehenetsi zituzten gero herritarrek. 30 horiek Aldundiaren teknikarien eskuetan jarri zituzten, haiek azterketa teknikoa eta ekonomikoa egin zezaten. Teknikarien txostenean eta Talde Sustatzaileak landutako irizpideetan oinarrituta, azkenik, ostegun iluntzean Sanagustin kulturgunean egin zen batzar irekian zortzi proiektu barne hartzen zituen proposamena aurkeztu zuten Arantza Ruiz Larrinaga Diputazioko Partaidetzarako zuzendariak eta Elhuyarreko Jon Abrilek eta Juanjo Perezek -Elhuyarrekoek dinamizatu dute prozesua-.

Goian aipatutako irizpideak kontuan hartuta "egin zitekeen proposamen posible ia bakarra" zela azaldu bazuten ere, batzarrean parte hartu zuten herritarren artean sortu zuen eztabaida eta iritzi trukaketaren ondorioz, moldatu egin zuten hasierako proposamena. Ruiz Larrinagak banan-banan azaldu zituen aurreko bozketan lehenetsitako 30 proiektuak bideragarriak ziren ala ez ebazteko arrazoiak, hala ekonomikoak nola eskumenekin zerikusia zutenak.

Hasierako proposamenean, ordea, kanpoan utzi zuten aurreko bozketan boto gehien jaso zituena, Lasaotik Zestoarako bidegorria egokitzea proposatzen zuena, eta hor hasi zen Sanagustinen elkartutako 40 bat lagunen arteko eztabaida. Zestoarrek "luxuzko bidegorririk ez" zutela behar azaldu zuten -teknikarien txostenaren arabera, aurrekontua 650.000 eurokoa bailitzateke-, baina bai Urolako trenaren bidea oinezko eta bizikleta zaleentzat egokitzea. Bestetik, hasierako proposamenean jasotako hainbat egitasmo plangintza edota txostenean gelditzeko arriskua ere aipatu zuten batzarreko partaideek, eta hori ere kontuan hartu zuten proposamena moldatu eta behin betikoa osatzeko.

Azkenean, 500.000 euroak zazpi proiekturen artean banatzea adostu zuten. Hauek dira proiektuak, eta bakoitzera zuzenduko diren kopuruak:

  • Mendietako bidezidorrak txukuntzea: 110.000 euro
  • Burujabetza energetikorako plangintza egitea: 65.000 euro
  • Haur eta gazteen parte-hartze programa osatzea: 45.000 euro
  • Oroimen historikoa lantzea: 22.000 euro
  • Eskualdeko historia berreskuratzeko plangintza egitea: 30.000 euro
  • Baserri-bideak konpontzea: 150.000 euro
  • Lasao-Zestoako trenbidearen egokitzapen lanak egitea: 78.000 euro

Aurrerantzeko bidea

Arantza Ruiz Larrinagak Urola Erdian egin duten partaidetzazko foru aurrekontuen lehen saiakeraren balorazio positiboa egin zuen. "Lehen saiakera izan da, esperientzia pilotoa, laborategi praktikoa. Oso konsziente gara denbora oztopo izan dugula baina pozik gaude, sekulako lana egin duzue", esan zien Sanagustinen elkartutako herritarrei.

Aurrera begira jarrita, Urola Erdiko prozesuan parte hartu duten herritarrek adostutakoa Foru Aldundiaren aurrekontu proiektuan bere horretan sartuko dutela esan zuen Larrinagak. Ikusi egin beharko, ordea, aurrekontu proiektu horrek egingo duen bidea; Batzar Nagusietan eztabaidatuko dute, behin betiko aurrekontuak onartzeko.

Talde politikoen arteko negoziazioa martxan dela eta "orokorrean" Urola Erdian garatu den ekimenarekin "denak ados" daudela adierazi zuen Larrinagak Sanagustinen. "Bilduk esan du, hemengo proposamenak dauden bezala onartuko dituztela, eta besteek proposamen guztiak aztertzeko konpromisoa azaldu dute", gaineratu zuen.