Gazte lokalen erabilera arautuko du Udalak

Uztarria.eus 2013ko aza. 28a, 14:01
Azpeitian 40 bat gazte lokal inguru daude egun.

Azpeitian, egun, 40 bat gazte lokala daude. "Sortzen ari diren edo sor daitezkeen arazoak konpontzen ahalegintzeko" ordenantza osatzen ari da Udala hilabeteotan, eta ordenantza hori osatzeko lokaletako gazteekin-eta bilerak egingo ditu abenduaren 13an.

"Sortzen ari diren edo sor daitezkeen arazoak konpontzen ahalegintzeko" gazte lokalen erabilera arautuko du Udalak. Imanol Amenabar Gazteriako zinegotziak azaldu duenez, "Udalak argi ikusten du lokalen eta bizilagunen arteko bizikidetza behar bezalakoa izan dadin, guztion ahalegina beharrezkoa dela gazte eta bizilagunen arteko harremanak hobetzeko". Udala ordenantza bat osatzen ari da azken hilabeteotan, eta ordenantza horren xedea da "gazteek aisialdirako erabiltzen dituzten lokalen jarduera eta elkarbizitza komunitarioko irizpideak arautzea, erabiltzaileei eta auzotarrei sor dakizkiekeen traba eta arriskuak ekiditea, eta erabiltzaile eta auzotarren eskubide eta betebeharrak zehaztea".

"Lokalek, nahitaez, gutxieneko segurtasun eta garbitasun baldintza batzuk bete beharko dituzte. Hala nola, bizigarritasun, higiene eta erosotasunari lotutakoak eta baita segurtasunean eragin dezaketenak ere", esan du Amenabarrek. Izan ere, "gazteek lokalak erabiltzeko eskubidea dute, eta eskubide hori aitortuko die araudiak, baina eskubide orok bere betebeharrak ere baditu, eta horiek arautuko dira". Azpeitian, egun, 40 bat gazte lokal daude.

Ordenantza osatzeko gazteekin eta adin txikikoen kasuan horien tutore eta gurasoekin bilera erronda egitea, "euren ekarpen eta aportazioak jasotzeko eta eztabaidatzeko". Modu horretan, abenduaren 13an izango dira aurreneko bilerak, udaletxeko bosgarren solairuan. Aurreneko bilera, 19:00etan izango da, eta adingabekoen lokaleako kideentzako izango da. Hori dela-eta, bi gaztetxo eta bi guraso edo tutore bertaratzea eskatu dute. 20:00etan izango da bigarren bilera, eta bertara gazte lokal bakoitzetik bi arduradun joateko deia egin dute. Bilera horietan ordenantzaren zirriborroaren aurkezpena egingo dute, eta bi asteko epea zabalduko dute ekarpenak-eta egiteko. Ekarpen horiek Gazte Informazio Bulegoan (Plaza Txikian) edo udaletxeko harreran egin beharko dira.