"Lan harreman eredu berria" aldarrikatu du Urolako ezker abertzaleak

Urola Kostako Hitza 2013ko aza. 28a, 11:05
Urolako ezker abertzaleak herenegun egin zuen prentsaurrekoa.

Urolako ezker abertzalea kezkaz mintzo da egungo egoera sozioekonomikoaren inguruan, eta bailarako enpresen errealitatea jarri du adibide. Gaur egingo diren mobilizazioetara joateko deia egin zuten. 16:00etatik aurrera Zestoatik Azpeitira oinezko martxa egingo dute, eta ondoren elkarretaratzea egingo dute Azpeitiko plazan, 17:30etik 18:00etara artean.

Urolako ezker abertzalea kezkaz mintzo da egungo egoera sozioekonomikoaren inguruan, eta bailarako enpresen errealitatea jarri du adibide. "Ikusi besterik ez dago Grumal, TS Fundiciones, Corrugados Azpeitia, Corrugados Lasao, Zestoako Bainuetxea eta Sarrallen egin diren eta egiten ari diren zanpaketak, baita isilpean sufritzen ari den hainbat eta hainbat enpresatako langileen egoera ere". Hala adierazi zuen ezker abertzaleak bailarako enpresa horietako langileen ordezkariekin batera atzo eskaini zuen prentsaurrekoan.

Jakinarazi zuenez, azken bost urteetan 203.000 lanpostu galdu dira Euskal Herrian, eta 210.000 pertsona baino gehiago langabezian daude, horietako ia erdia "inolako babesik" gabe. Ezker abertzalearen arabera, enplegua izateak ez du bermatzen "bizi duina"; besteak beste, 10 langiletatik lau pobrezia mailatik behera baitaude. Langabezia eta pobrezia "arazo politikotzat" jo ditu ezker abertzaleak. "Langabeziak gora egiten du, patronalak eta gobernuak langabezia bultzatzen duten politikak egiten dituztelako. Gasteizko gobernutik hasita, enplegua suntsitzen duten erabakiak hartu eta inposatu dizkigute: lanaldiaren luzapena, ordezkapenik eza… Patronalari botere osoa eman zaio azken lan erreformarekin, nahi duen eran erabaki ahal izateko". Ezker abertzaleak dio "nagusien esku" geratu direla "lan harreman ereduak, langabeziari, pobreziari eta lan ezegonkortasun zein sozialari ateak parez pare irekitzen dizkiolako".

Hori hala, langabezia eta pobrezia ez direla "krisiaren emaitza naturala" salatu dute, ezartzen dituzten "politiken emaitza" baizik. "Erreformek, emakumeenganako lan diskriminazioak, babes sistema eta zerbitzu publikoak deuseztatzeak ondorio eta helburu bera daukate: gutxi batzuek aberastasuna metatzen jarraitzea, herritar gehienen kontura". "Ezarri nahi duten lan harreman ereduak gizartea hondamendira" daramala gaitzetsi du taldeak.

"Elkartasuna eta borroka"

Lan harreman eredu berriak finkatzea eta negoziazio kolektiboa babestea beharrezkotzat jo zuten han bildutakoek. "Herri honek biziraungo badu, eredu ekonomiko eta sozialaren inguruko gogoeta sakona egin beharra dauka". Izan ere, langabeziari eta pobreziari aurre egitea "posible" dela berretsi zuten. "Langileok eta herritarrok gara enpresetan eta kalean enplegua defendatzen ari garen bakarrak negoziazio kolektiboaren alde, kaleratzeen aurka edota gobernuen murrizketen aurka, patronalaren eta bere gobernu laguntzailearen aurrean. Mobilizazioa, borroka eta elkartasuna dira gure bitartekoak". Hain zuzen, gaur egingo diren mobilizazioetara joateko deia egin zuten. 16:00etatik aurrera Zestoatik Azpeitira oinezko martxa egingo dute, eta ondoren elkarretaratzea egingo dute Azpeitiko plazan, 17:30etik 18:00etara artean.