2014ko foru aurrekontuko 500.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko azken bilera, Sanagustinen

Uztarria.eus 2013ko aza. 27a, 19:07
Eva Serna eta Gurutz Garmendia prozesuaren talde sustatzailean aritu dira.

Bihar, osteguna, izango da kulturgunean Aldundiak Urola Erdirako abian jarri duen Partaidetzazko aurrekontuak prozesuaren azken batzar irekia, 18:30ean. Prozesu horretan orain arte parte hartu duten herritarrek hobetsitako proiektuen artean aukeratzeko azken aukera izango da. Azken batzarraren aurretik, talde sustatzailean parte hartu duten herritarrek prozesuaren balorazioa egin dute komunikabideen aurrean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Partaidetzazko aurrekontuak abian jarri zituen joan den urrian. Proiektu pilotu gisa eta Urola Erdia eskualdean kokatuta, 2014rako foru aurrekontuetako 500.000 euro herritarren erabakiaren esku jarri zituen Aldundiak. Azpeitia, Azkoitia, Beizama, Errezil eta Zestoako herritarrek partaidetzazko herri batzarrak egin zituzten eta horietatik 124 proposameneko zerrenda osatu zen. Azaroaren 6an, Azkoitiko Elkargunean, eskualde batzarra egin zen, eta bertan 124 horietatik 30 hobetsi zituzten. 

30 proiektu horiek (zerrenda, hemen) Diputazioan aztergai izan dituzte harrezkero: foru eskumenekoak al diren aztertu dute, batetik, eta juridikoki, ekonomikoki eta bideragarritasunaren aldetik egingarriak al diren, bestetik. 30 horiez gain, herri bakoitzeko beste proposamen batzuk ere gorde dira, onartuko diren proiektuetan herri bakoitzerako bana egon dadin. Horrenbestez, bideragarriak izan daitezkeen proposamenen azken zerrenda izango da bihar, azaroak 28, Sanagustin kulturgunean egingo den azken batzar irekian herritarrei aukeran jarriko zaizkienak. Aipatutako bost udalerrietako herritarrak bertara deituta daude, euren iritzi eta botoekin datorren urteko foru aurrekontuaren 500.000 euro horien gainean azken hitza eman dezaten.

Prozesuaren argi-ilunak

Prozesu parte-hartzailearen azken saioaren bezperetan, bertan hasieratik parte hartu eta talde sustatzaileko kide izan diren bi herritarrek euren esperientziaren berri eman zieten komunikabideei atzo, asteartea, prozesua dinamizatzeko ardura izan duen Elhuyar aholkularitza enpresako Jon Abrilekin batera.

Eva Serna Beizamako bizilagunak eta Gurutz Garmendia Azkoitikoak modu positiboan baloratzen dute prozesua bera, herritarrei halako parte-hartze eta erabakimen maila ematen dien aldetik, baina aurrera begira antzekoak egitekotan zer hobetua badela ere uste dute.

Prozesuan partaide izatea zergatik erabaki zuten galdetuta, "parte hartzea garrantzitsu ikusten dudalako", esan zuen Sernak. "Interesgarria iruditzen zait Diputazioak horrelako bide bat zabaltzea", gaineratu zuen. Esperientzia "oso positiboa" izan dela uste du, baina "denbora gutxiegi izan dugu, oso azkarra izan da dena; bide luzegoa eman beharko litzaioke". Deialdiaren epeek eta erabilitako bideek -batzarren bidez- zerikusia izan dezakete, Sernaren eta Garmendiaren aburuz, herritarrek prozesuari emandako erantzunean. "Herrietan parte-hartzea txiki samarra izan da, horixe izan da penagarria", zioen Garmendiak. Azkoitiarrarentzat, izan ere, "herritarren parte-hartze zuzena bultzatzeko oso ekimen interesgarria" izan da: "Horrelako gehiago egin beharko lituzkete. Aurreneko aldia da, hemen inguruan behintzat, horrelako zerbait egiten dela eta, hasteko, oso ondo egon da. Orain ikusi egin behar, honi nolako jarraipena ematen zaion".

Sernarentzat ere garrantzitsua da jarraipena egitea, "aukeratzen den proiektua benetan aurrera eramaten dela ikusteko eta, luzera begira, pauso bat izan dadila, baita Euskal Herri mailan ere. Era berean, udalentzat ere baliogarria izan daiteke, herritarren nahiak zeintzuk diren ikus dezaten, askotan ez datozelako bat herriak nahi duena eta aurrera eramaten diren gauzak".

Aurrera begira, horrelako prozesuetan "ahalik eta jende gehienarengana iristeko bideak eta epeak" hobetzea garrantzitsua izango dela uste dute Sernak eta Garmendiak.