'Euskal hedabideen etxea, tokikoen ikuspegitik' gogoeta aurkeztu du Tokikomek

Uztarria.eus 2013ko aza. 26a, 18:28

2012an abian jarritako prozesuan jasotako datuak, hausnarketak, emaitzak eta ondorioak sarean ere jarri dira. "Lankidetzarako tresna gisa eskaintzen diegu gure lana euskal hedabideei eta erakunde publikoei", dio euskal komunikabideen bateraguneak.

Tokikom euskal komunikabideen bateraguneak Euskal hedabideen etxea, tokikoen ikuspegitik txostena aurkeztu du gaur, azaroak 26, Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako campusean egin duen jardunaldian.

2012an abian jarritako prozesuan jasotako datuak, hausnarketak, emaitzak eta ondorioak sarean ere jarri dira (txosten osoa, hemen). "Lankidetzarako tresna gisa eskaintzen diegu gure lana euskal hedabideei eta erakunde publikoei", dio euskal komunikabideen bateraguneak.

Txostena osatzeko, Tokikomek bidelagun izan ditu Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean Ikus-Entzunezko Komunikazio Saila eta Haritz Solupe teknikaria. Halaber, gogoetaren dokumentuan txertatu ditu Hekimen elkartearen ekarpen bat Euskal Hedabideen Behatokiaz. Erakundeen laguntza eta babesa ere izan dute lan horretarako, Eusko Jaurlaritzarena, Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena.

Uztarria Komunikazio Taldea Tokikom bateraguneko eta Hekimen elkarteko kide da, eta gogoeta prozesuan parte hartu du, txostena osatzeko ekarpenekin.

Gaurko aurkezpen ekitaldiaren gaineko informazioa, Berria.info-n.