Anexoko futbol zelai berrirako hitzarmena sinatu dute Udalak, GFFk eta herriko futbol taldeek

Uztarria.eus 2013ko aza. 26a, 18:00

Garmendipeko anexoan egiten ari diren belar artifizialezko zelaiaren finantziazioari lotuta, hitzarmena sinatu zuten atzo, astelehena, Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Futbol Federazioak (GFF) eta herriko futbol elkarteek, Lagun Onakek eta Ikasberrik.

Anexoko lanen aurrekontua 340.000 eurokoa da eta horietatik zati bat GFFk ordainduko du. Hain zuzen ere, federazioko presidente Juan Luis Larreak azaldu duenez, zati hori "gehienez 150.000 eurokoa" izango da. Diru hori Espainiako Futbol Federazioak lurraldeetako federazioei inbertsioetarako ematen dien diru-poltsatik dator, eta futbol kinielan du jatorria.

Futbol zelai berriaren lanak ez dituzte oraindik amaitu. Hasieran hil honetan bukatuko zituztela uste bazuten ere, argiztapena jartzeko zain daude momentuan, eta gero jarriko dute belar artifiziala.