Alex Etxeberria, Legebiltzarretik EJIEra

Uztarria.eus 2013ko aza. 22a, 20:33
Alex Etxeberria Uztarrian, 2012ko urrian egin zuen elkarrizketa digitalean.

Eusko Jaurlaritzaren Informarika Elkartearen zuzendari izendatu berri dute EAJren azpeitiar ordezkaria, eta Gasteizko ganberan zuen tokia utzi du.

Alex Etxeberriak (Azpeitia, 1967) kargu berria due joan den astetik. Hain zuzen ere, gaur zortzi izendatu zuten EJIEren (Eusko Jaurlaritzaren Informarika Elkartea) zuzendari lanetarako. Horrenbestez, eta Uztarriari esan dion legez "orain arte bezala Gasteizera joan-etorrian" ibiliko den arren, Eusko Legebiltzarrean EAJren ordezkari gisa zuen lekua utzi egin du.

Etxeberriak Agustin Elizegiren lekukoa hartuko du EJIEn. Elizegi hil honen hasieran kendu zuten kargutik, Eusko Jaurlaritzaren etika batzordearen txosten bat medio zela, EJIEra joan aurretik lan egiten zuen enpresari kontratu bat esleitu ziolako.

Alex Etxeberriak orain dela urtebete ekin zion bigarren legegintzaldiari legebiltzarkide gisa. 2009ko hauteskunde autonomikoen ondoren sartu zen Gasteizko ganberan, oposizioan gelditu zen EAJren taldekide -elkarrizketa egin zion Uztarria aldizkariak orduan-; eta, iaz, jeltzaleen Gipuzkoako zerrendetan errepikatu eta berriro lortu zuen aulkia Eusko Legebiltzarrean, eta ordukoan gobernuko alderdiaren ordezkari bezala.

EJIEn Legebiltzarrean betetzen zuen "oso bestelako lana" izango du Etxeberriak. "Askoz lan teknikoagoa da, ez du ia inork ezagutzen, eta ez da politikoki erabakiorra". EJIEn, 200 langile ingururen buru izango da Etxeberria. Izendapenaren kontua "oso azkarra" izan dela dio eta kargu berria gogotsu hartu du, "Jaurlaritzak nigan jarri duen konfiantzagatik"; gainera, azpeitiarra informatikaria da. Hala ere, legebiltzarkide aulkia uzteak "pena" eman diola aitortu du, "erronka garrantzitsuak" mahai gainean utzita.