Asteartean abiatuko da 2014ko aurrekontuak osatzeko parte hartze prozesua

Uztarria.eus 2013ko aza. 21a, 14:53
Ezkerretik eskubira, IƱaki Portilla zinegotzia, Eneko Etxeberria alkatea, Leire Etxaniz zinegotzia eta Aritz Epelde zinegotzia.

Azken bi urtetako gisan, 2014rako udal aurrekontuak osatzeko Denon Artean prozesu parte-hartzailea abiatuko du asteartean, azaroak 26, Azpeitiko Udalak. Bilera Sanagustin kulturgunean izango da, 19:00etan hasita.

Azken bi urtetako gisan, 2014rako udal aurrekontuak osatzeko Denon Artean prozesu parte-hartzailea abiatuko du asteartean, azaroak 26, Azpeitiko Udalak. Sanagustin kulturgunean izango da batzarra, 19:00etan hasita. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azaldu duenez, "hiru iturritatik edango du prozesuak": Azpeitia 2025 Plan Estrategikotik (urrian onartu zuten udalbatzarrean aho batez, eta epe motzean aurkeztea aurreikusten dute), Udalean ordezkatuta dauden alderdien eta herritarren ekarpenetatik.

Herritarrek aurrekontuak osatzen hasteko aurreneko bilera asteartekoa izango dute, eta Etxeberriak azaldu duenez, beste batzuen artean, gai hauek izango dituzte hizpide bilera horretan: 2013ko aurrekontuen balorazioa, Udal diru-kontuak, Udalaren gaur egungo jarduera eta herritarrek zer egin dezakete bizi dugun egoerari buelta emateko. Aurten, berrikuntzak ere izango dira ideiak eta ekarpenak jasotzerakoak. Hori dela-eta, ekarpenak jasotzeko arlokako eta auzokako (auzoen kasuan iaz baino batzar gutxiago izango dira herriguneko auzo eta auzuneetan) bilerez eta Azpeitia.net webguneko txokoaz gain, postontziak jarriko dituzte herriko zenbait gunetan, eta udaletxean ere egin ahal izango dira proposamenak.

Aurten lehenago

2014ko aurrekontuak osatzeko prozesua azaroan hasiko da. Iaz, esaterako, urtarrilean hasi zen Denon Artean prozesua, eta Etxeberriak azaldu duenez, "beste urteetan apirilean edo maiatzean onartzen zituelako Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrekontuak". Aurten, ordea, lehenago hasiko dira datorren urteko aurrekontuak osatzen "Foru Aldundiak egiten dituen estimazioak-eta zuzenak direlako". Horrenbestez, urtarril erdi alderako espero dute Denon Artean prozesu parte hartzailea itxi, eta 2014ko aurrekontuak onartzea.

Etxeberriak esan du Denon Artean prozesuaren funtsa "gardentasuna" dela: "Udala garden izatea nahi dugu, eta gure erabakiekin ados egon ala ez, lana egitea gardentasunera bidean. Horretarako, elkarlana beharrezkoa da, eta hainbat prozesu parte-hartzaile jarri ditugu abian (Garraioa hobetzekoa, Gipuzkoako Foru Aldundiko 500.000 euro zertan gastatu erabakitzekoa, parte-hartze ordenantza ere martxan da...)".

Denon Artean prozesua "emankorra" dela ere gaineratu du: "Herritar askok hartu dute parte prozesuan, urtez urte, eta lana herritarrekin egiten denean erangikorragoa da emaitza".