CNT, Urolan ere bai

Uztarria.eus 2013ko aza. 20a, 09:57
CNTko kideak 'Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herritarrentzat' manifestaziorako deialdia egin zutenean.

Sindikatu anarkosindikalistak taldea eratu du eskualdean. Euren jardueraren berri emateko informazio kanpaina abiatu dute eta, horren barruan, solasaldia izango dute gaur, asteazkena, Sindikatu Zaharrean (19:30). Eddy Carrasco azpeitiarra eta Xabier Lopez azkoitiarra Urolako CNTko kideekin hitz egin du Uztarria.com-ek.

CNT edo Lanaren Konfederakunde Nazionalak historia luzea duen arren (1910ean sortu zen, Bartzelonan), Azpeitian eta inguruetan tradizio gehiegirik izan duenik ezin esan, ezta sindikatuaren aro onenetan ere. Gaur egun ere ez dira asko CNTren afiliatuak gurean. Baina egon, badaude, eta "kalera ateratzea" erabaki dute: Urolako CNT sortu dute, Zumarragatik Zumaiarainoko jendearen elkargune eta erreferentzia izateko asmoarekin, eta orain arte Donostiara egin behar zituzten joan-etorriak saihesteko ere bai.

Komunikazio kanpaina dute martxan, jendearen aurrean beren burua aurkezteko, eta horren barruan antolatu dute gaurko hitzordua Sindikatu Zaharrean. Hurrengo asmoen artean, epe ertainean, lokal bat irekitzea dute. "Momentuz nomada samarrak" direla diote irribarrez Eddy Carrascok eta Xabier Lopezek; Azkoitiko Matadeixen egiten dituzte bilerak sarri. Egoitza finkorik ez dute, baina bai harremanetarako helbide elektronikoa: urola@cnt.es.

Zuen sindikatua aspaldikoa da, baina hemen ez du presentzia handirik eduki izan. Zergatik CNT, hemen eta orain?

Eddy Carrasco: Historikoki eduki izan du presentzia Beasainen, Tolosan, Legazpin, Zumarragan... baina egia da hemen jende askok galdetzen digula 'zer da hori?'. Langileak mugitzeko erraminta bat bezala hartzen dugu, langileen eskubideak defendatzeko eta langileak beren eskubideen defentsan inplikatzeko. Orain arte, delegatu bat daukagu hor, eta guri zerbaitek eragin arte, murrizketaren batek edo kaleratze batek, ez gara martxan hasten; beti atzetik gabiltzan sentsazio hori.

Eskualdean bizi den egoerak (lantegien itxierak, langabeziaren igoera...) sindikatu 'berri' baten ezarpenarekin zerikusia duela pentsatu daiteke, ezta?

Xabier Lopez: Pentsatu daiteke, bai. Gu geu lehendik afiliatutakoak gara gehienok baina bai, horretan gabiltza, jendea erakartzeko intentzio horrekin. Kalera atera behintzat, gu ere hemen gaudela erakusteko; hori azaldu eta, behar bagaituzte, horretarako gaudela erakutsi.

"Ez gara beste sindikatuak bezalakoak", diozue. Zertan desberdintzen zarete, bada?

XL: Gu hasiera batetik anarko-sindikatua gara, ez gara sindikatu huts bat. Liberaturik gabeko sindikatua gara, inongo diru-laguntzarik ez dugu jasotzen, afiliatutako jendeak ordaintzen duenarekin antolatzen gara. Bestetik, jendeari beraien burua defendatzen erakusten diogu, bakoitzari erakutsi bere lantokian bere burua defendatzeko nola egin behar duen.

Eta hori nola gauzatzen duzue?

EC: Horrek lan personal bat eskatzen du, azken batean. Igoal, sindikatu tradizionalekin dena eskura ematera ohitu gara: delegatu bat daukagu, harengana joango gara eta berak konponduko digu dena. Ez. Gu gara langileak, eta gure eskubideak geuk defendatu behar ditugu. Norberak lan bat egin behar du eta, norbaiti ukitzen badiote, geure enpresan edo aldamenekoan, denak bat eginda joan behar gara; lan hori ez dugu utzi behar baten edo gutxi batzuen esku. Nolabait inplikazio hori bultzatzeko sortu gara. Eskubideak murrizteko neurriak hartzen dituztenean, lan erreforma kasu, kolpatzen gaituztenean, orduan hasten gara mugitzen, kalera ateratzen. Guk uste dugu aurretik egin behar dela lan bat, eta horrek konpromiso maila bat eskatzen du. Bestetik, demokrazia zuzena praktikatzen dugu; erabaki denak asanbladak hartzen ditu, eta asanblada bera da erabakiak atzera botatzeko ahalmena duena ere, goitik ez dator ezer.

Elkartasuna eta ekintza zuzena aldarrikatzen dituzue.

EC: Ekintza zuzena esaten dugunean, eraso bakoitzaren aurrean geuk defendatu behar dugula esan nahi dugu; ez dugula utzi behar sindikatuaren gain edo delegatuen gain manifestazioak antolatzea edota beti egiten diren gauza horiek. Geuk parte hartu behar dugu, geure lanpostua da eta geure lan baldintzak defendatzen ari gara. Hori da ekintza zuzena.

Zertaz arituko zarete gaurko hitzaldian?

XL: CNT zer den esplikatuko dugu, historian zehar zer bilakaera izan duen, eta Euskal Herri mailan.

EC: Anarkosindikalismoaren funtzionatzeko era ezagutarazi eta plazaratu nahi dugu; CNT oso arrotza egiten zaie askori, beste mundukoa balitz bezala.

XL: Jendeak beldurra ere bai agian, 'anarko' hitza entzuten duenean. Jendeak anarkia lehergailuekin eta istoriekin lotzen du beti; eta justu kontrakoa da, guk halako gauzarik ez dugu defendatzen.

EC: Bilkura irekia izango da, mahai-inguru gisara, edozein galdera badago erantzungo da. Denok hartuko dugu parte eta denok izango dugu ekarpenak egiteko aukera.

Eta aurrera begira, zer asmo dituzue Urolako CNTn?

XL: Asmoa kalera ateratzen segitzea da. Oraindik ez dugu zehaztuta, baina pentsatzen ari gara hambostean behin-edo liburutegi ibiltari moduko batekin ateratzea.

EC: Formakuntza bultzatu nahi dugu, baina baita autoformakuntza ere. Ez dugu nahi gugana datorren bailarako jendea beti Donostiara bidaltzea. Horregatik, geuk ere lan asko egin behar dugu, eta lan asko egin beharko dute gugana etortzen direnek ere. Azken batean, zerotik hasten ari gara, hala da. Beti edukiko dugu Donostiako edo Bilboko abokatuen laguntza, baina edozein nomina, edo kontratu sinatu behar bada... geuk ere formakuntza izatea ezinbestekotzat jotzen dugu. Gero, epe ertainera-edo lokala izateaz hitz egiten ari gara.

XL: Leku fisiko bat izanda, gauzak egitea errazagoa izan daitekela uste dugu.