Aske utzi dute Juan Carlos Arruti 'Paterra'

Uztarria.eus 2013ko aza. 19a, 14:49
'Paterra' espetxetik atera berritan, etxerako bidean egin duten geldialdian.

13:10ak aldean atera da Paterra Kordobako Alcolea espetetxetik, 24 urte preso igaro ostean. Bertan diren azpeitiarrek Uztarria.com-i azaldu diotenez, "dena oso lasai joan da". Atzo eman zuen Auzitegi Nazionalak Juan Carlos Arruti Paterra aske uzteko agindua, goizean auzitegi bereko fiskaltzak ETAko bederatzi eta GRAPOko lau preso aske uztea eskatu eta gero. 

Gaur, asteazkena, 13:10ak aldean atera da Juan Carlos Arruti Paterra Kordobako Alcolea espetxetik, 24 urte preso egon ostean. Bertan diren azpeitiarrek Uztarria.com-i azaldu diotenez, "dena oso lasai joan da". Paterraren hamabost bat senide eta lagun ziren espetxe atarian zain, era "dagoeneko Azpeitia aldera datozela" jakinarazi dute.

Atzo eman zuen Auzitegi Nazionalak Juan Carlos Arruti Paterra aske uzteko agindua, goizean auzitegi bereko fiskaltzak ETAko bederatzi eta GRAPOko lau preso aske uztea eskatu eta gero. 197/2006 doktrina edo Parot doktrina aplikatuta duten hamahiru preso horiek askatzea eskatu zuen fiskaltzak atzo arratsaldean, baina Auzitegi Nazionalak Paterra, Luis Maria Lizarralde Arume azkoitiarra eta Ignacio Rekarte -azken biak Langraitz bidea deritzona hartuta- aske uzteko agindu zuen. Horiez gain, Jaime Simon Quintela GRAPOko kidea ere askatzeko agindu zuen. Bestalde, Jose Manuel Perez de Nanclaresi ardura penalak kendu dizkiote; Langraitz bidea hartuta aske zegoen baldintzapean iaztik.

Arrutiren senitarteko eta lagunak Kordobako Alcolea espetxe inguruan izan dira atzotik, senidea noiz askatuko zain. Izan ere, atzo iluntzean jakinarazi zuten Juan Carlos Arruti Paterra gaur, asteazkena, utziko zutela aske. Uztarria.com-ek jakin duenez, Arrutik berak deitu zien atzo senitartekoei kartzelatik gaur aterako zutela jakinaraziz.

Gaur beste bederatzi euskal preso ere atera dituzte kartzelatik: Jose Etxeberria, Ramon Uribe, Maitane Sagastume, Juan Jose Zubieta, Jokin Urain, Juanjo Legorburu, Manuel Gonzalez, Jesus Mari Zabarte eta Xabier Goldaraz aske utzi dituzte.

Parot doktrina aplikatuta preso dauzkatenei buruzko erabakia printzipioz Auzitegi Nazionaleko hamazazpi epaileren osoko bilkurak ez hartzea erabaki zuten joan den astean Zigor Salako epaileek. Fiskala presoak aske uztearen alde agertzen denetan, presoari zigorra eman zion salak emango du agindua, kasu hauetan bezala. Fiskala ezezkoan dagoen kasuetan, berriz, osoko bilera egingo du Zigor Salak.

Juan Carlos Arruti Paterra Guardia Zibilak Irunen atxilotu zuen 1989ko irailaren 16an, eta epaileek talde armatuko kide izatea leporatu zioten. Ordutik, Espainiako dozena bat kartzelatan baino gehiagotan egon da. Paterrak 2009ko irailaren 10ean bete zuen ezarritako zigorra, baina 2010eko otsailean 1997/2006 doktrina (Parot delakoa) ezartzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Hori dela-eta, 2019ko irailera arte luzatu zioten zigorra.