Gorenaren zain ez egotea eta bederatzi preso aske uztea erabaki du Auzitegi Nazionalak

Berria.info, Uztarria.com | Politika
2013ko aza. 8a, 15:14

Parot doktrinaren aplikazioaren gaineko bozketan, zortzina berdindu dute alde eta kontra zeudenek, eta Grande-Marlaska aretoko presidenteak baldintzatu du bozketa, kalitatezko botoarekin. 197/2009 doktrina aplikatuta duten ETAko presoetako bat da Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiarra.

Auzitegi Nazionalak ez dio itxaron Auzitegi Gorenari, eta gaur bertan Parot doktrinaren eraginez espetxean zeuden ETAko bederatzi preso aske uztea erabaki du. El País egunkariaren arabera, aske geratuko direnak dira Txomin Troitiño, Jokin Sancho, Isidro Garaide, Iñaki Urdiain, Jon Aginagalde, Joseba Artola, Elias Fernandez, Patxi Gomez eta Luis Mari Azkargorta.

Bederatzi horiek izango dira, beraz, Estrasburgoko auzitegiak Parot doktrinaren kontra emandako epaia eta gero, Ines del Rio eta Juan Manuel Pirizen ondoren espetxetik aterako diren hurrengo presoak. Auzitegi Nazionalak esan du aske uzteko erabakiak berehala izango duela eragina, eta ondorioz, espero da datozen orduetan ateratzea espetxetik.

Ostiralero aztertuko du Auzitegi Nazionalak kasu bakoitza. Bere kabuz erabakiko ditu Parot doktrinaren eraginez espetxean dauden presoen helegiteak. Estrasburgoko Auzitegiaren erabakiak jurizprudentzia ezartzen duela-eta hartu dute erabakia Auzitegi Nazionalean. Doktrina aplikatuta aurkitzen diren 60 ETAko presoetako (EPPKko 56 eta Langraitz bidea hartu duten lau) bat da Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiarra. Paterrak 2009ko irailaren 10ean bete zuen ezarritako zigorra, baina 2010eko otsailean 1997/2006 doktrina (Parot delakoa) ezartzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Hori dela-eta, 2019ko irailera arte luzatu zioten zigorra.ç

Fiskaltzak eskatu zuen 2006. urtearen aurreko eta ondorengo espetxealdia arintzeko neurriak bereizteko, baina Auzitegi Nazionalak ebatzi du bederatzi horiei ez diela horrek ere eragiten.

Gorenak, asteartean

Auzitegi Gorenak asteartean hartuko du erabaki bat Parot doktrinaren inguruan. Bost helegite dituzte hor mahai gainean. Gaur lau orduko bilera baten ondoren osoko bilkuran hartu dute erabakia Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko hamazazpi epaileek. 09:40an hasi dute bilkura.

Estrasburgoko auzitegiak Parot doktrinaren kontra emandako epaiaren aurrean Gorenak zein jarrera hartu erabaki arte, doktrina hori ezarria duten presoen eskaerak ez aztertzeko eskatu zuen Zigor Aretoko presidente Fernando Grande Marlaska epaileak. Gaur, ordea, zortzi botoko berdinketa hautsi du presidenteak kalitatezko botoarekin.

Gainera, Fiskaltzak asteazkenean 11 presoren inguruan bidali zizkion txostenak ere ez ditu kontutan hartu Auzitegi Nazionalak. Fiskaltzak gaur aurreratu dituzten presoen helegiteak ez onartzeko eskatu zuen. Aipatutako bederatzi horiez gain, Juan Andres Urkizurena eta Raul Ibañezena ez onartzeko ere eskatu zuen.

Del Rioren kalte-ordaina ez dute aztertu

Horrez gain, Zigor Aretoak aztergai zuen Ines del Riori kalte-ordaina ez ematearen kontra preso ohiak aurkeztutako helegitea. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi zuen Espainiak 30.000 euro ordaindu behar zizkiola Del Riori, 2008az geroztik espetxean izateagatik. Gai hori, ordea, ez dute gaur aztertu.

Espainiako Justizia ministro Alberto Ruiz Gallardonek zehaztu zuen ez ziotela diru hori emango Del Riori, argudiatuta preso ohiak zorrak zituela Espainiarekiko -Del Riok eragindako biktimei pagatu beharreko kalte-ordainak Espainiak bere gain hartu zituela eta-, eta zor hori kitatzeko erabiliko zutela diru hori.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu