Sanmartinak, Errebalean eta Lasaon

Uztarria.eus 2013ko aza. 8a, 11:11

Bustinzuriko Errebalean eta Lasaon gaurtik astelehenera bitartean ospatuko dituzte sanmartinak. Ekimen ugari antolatu dute datozen egunetarako.

Ate joka dira sanmartinak, eta ohi bezala gaur, ostirala, hasi eta datozen egunetan jai giroa izango da nagusi, Bustinzuriko Errebalean eta Lasaon. Bietan ala bietan egitarau oparoa antolatu dute festetarako.

Errebalean gaur emango diote hasiera festa giroari. Mus Txapelketa izango da Urtzi eta Pikua tabernetan, 21:30ean hasita, baina txapelketaren aurretik pintxo-poteoa izango da taberna horietan. Bihar, zapatua, izango da Errebaleko festetako egun handia. Goizean hasita, txistularien kalejira, triki-poteoa, luntxa, umeentzako jolasak eta sokamuturra izango dira iluntzera bitartean.

Lasaon, berriz, gaur hasi eta astelehenera arte ospatuko dituzte sanmartinak. Gaur, ostirala, 20:00etan txupinazoa bota, eta bertso afaria izango da ondoren, Agin Laburu eta Amaia Agirrerekin. Bertso jarduna bukatutakoan, trikitilariak izango dira goizaldera arte. Bihar, umeen eguna izango da, eta haurrentzako puzgarriak-eta izango dira auzoko frontoian. Igandean Lasaoko festetan ohikoa den abere eta nekazal produktuen azoka egingo dute, eta astelehenean, San Martin eguna, bukatuko dira festak, meza ondorengo argazki zaharren erakusketarekin.

Hemen egitarauak:

Errebaleko festak

Azaroak 8, ostirala: Mus Txapelketa, Urtzi eta Pikua tabernetan. Aurretik, pintxo-poteoa izango da bi taberna horietan.

Azaroak 9, zapatua:

11:00etan txistulariak.

12:00etan triki-poteoa eta luntxa.

16:00etan txokolatea eta umeen jolasak.

16:30ean sokamuturra.

Lasaoko festak

Azaroak 8, ostirala:

20:00etan txupinazoa.

20:30ean bertso-afaria: Agin Laburu eta Amaia Agirre ariko dira bertsotan.

Gero, trikitilarien emanaldia.

Azaroak 9, zapatua:

15:30ean haurrentzako puzgarriak, frontoian.

17:00etan txokolate-jana.

Azaroak 10, igandea:

11:30ean Idikaitz Txistulari Taldearen kalejira eta Lasaoko abere eta nekazal produktuen azoka. Hamaiketakoa ere izango da.

Azaroak 11, astelehena:

11:00etan meza nagusia, Zestoako parrokiako abesbatzarekin.

Meza ondoren, argazki zaharren erakusketa.