Herritar eta eragile ugarik eman dio babesa biharko manifestazioari

Uztarria.eus | Ekonomia
2013ko aza. 8a, 09:38

Adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izateko ibilbide motzagoa izango du Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herritarrentzat manifestazioak. 18:30ean hasiko da, plazatik.

Elkar-ekin taldearen ekimenez, bihar, zapatua, Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herritarrentzat lelopean manifestazioa egingo da, 18:30ean, plazatik abiatuta. Mobilizaziorako deia hainbat arlotan lanean ari diren herritarrek egin zuten urriaren hasieran, eta ordutik hainbat eta hainbat eragilek eta herritarrek egin dute bat biharko mobilizazioarekin: zenbait erretiratuk eta gazte mugimendukoek, kirolariek, sindikatuek, merkataritzako eta gazteria elkarteek, hainbat enpresatako langileek eta enpresa batzordeek, ikasleek, eta abar. 

Herritarren elkarlanetik, Azpeitiaren egoera zailari aurre egiteko "bide berriak" jorratu daitezkeela uste dute manifestuarekin bat egin dutenek. "Arazoa kolektiboa da, eta soluzioak ere kolektiboa behar du izan". 

Elkarlanaren balioa aldarrikatuko dute biharko mobilizazioan. "Bizi dugun egoera iraultzeko oinarrizkoa dela uste dugu. Herri mailan alternatiba berriak eta solidarioak eraikitzea garrantzitsua dela uste dugu. Eta honekin batera, herritarren artean hain orokortua dagoen kezka kalean erakusteko beharra ere handia da".

Manifestazioaren ibilbidea

Biharko manifestazioaren ibilbidea ez da ohikoa izango. Adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izateko ibilbide laburragoa egingo dute, 18:30ean herriko plazan hasi eta Sanjuandegin bukatuko dute. Ibilbidea hau da: herriko plazatik irten, Jose Artetxe eta Pablo VI. auzoetatik Sanjuandegiko biribilgunera, handik igerileku aurretik Urbitartera eta handik Jose Antonio Agirre plazara.

Manifestazioaren ondorengorako Elkar-ekinek kontzertua antolatu du. 23:00etan izango da, Sanagustin kulturgunean. Malder eta Lin ton taun taldeek joko dute. 

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzunak

ignaci | 2013-11-08 : 11:25

Eta Udalak zer esaten du?

Panpoxa | 2013-11-08 : 11:28

Biharkoa erraldoia egingo degu. Herritar oro bilduko gera. Herrian bizi,lan eta jai egitea nahi degunok.

Bertan izango gera Corte Inglesen larunbatero modako erropak erosten ditugunok (provintzianook), Ikea-ko zaborrak etxeratzen degunok, (damutu aurretik), hiru izerreko jatetxeetan gozatzen degunok (edo kanpoko sagardotegietan), eta nola ez, Jaka-n apartamentuan opor atsedengarriak hartzen ditugun azpeitiar jatorrok. Audi 4x4 Donostian erosten degunok, edo Mantxesterren Erreala ikusi degunok.
Herrian kabitzen ez geran herritar jatorrok.

Akaso, alboan ikuituz joango da hainbat herritar, Bertaneko dendetan erosten duenik, herriko ileapaindegietan dotoretzen denik, herrian egindako altzariak erosten dituenik, edo Lagun Onak ikusiz gozatzen duenik. Herriko pastelak erosten duenik.

Bihar guztiok batera, elkar maitatuz.

gaztie | 2013-11-08 : 14:15

Oso ongi egin dute lana goikaldetik herritarrak egoeraren errudun sentiarazteko.
Bai, pertsona guzti horiek behar ditugu bihar kaleak betetzen Pnpoxa, kapitalismoan (berau kritikatuz) ez baitago "kontraesanik" gabeko seme-alabik. Gehiago edo gutxiago, guztiok ibili gara doinu berdinetan dantzan, abesti berriak konposatzea da egun tokatzen zaigun lana.
Herritarrak bakarrik dugu egoera hau aldatzeko indarra, elkar ezagutuz, elkartasunez jokatuz, esparru guztietako sufrimenduak gure hartuz.... gizarte eredu justu bat exijitze bidean guztiok batuta erantzuteko gaitasuna erakusteko unea da.
Zorionak mobilizazio hau gauzatzeko lanetan ari zareten guztioi, garai honek ideia berriak eraikitzera behartzen gaitu eta oso lan txukuna egin duzuela begi bistakoa da.
Aurrera begira jarrai dezagun mobilizatzen, kontzientzatzen, eredu sozial ezberdinetatik ikasi eta geure propioa eraikitzeko bidean indarrak batzen.
Kapitalismoak hiltzen gaitu, hil dezagun ba geuk bera!!!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu