Grumal ez da hartzekodunen konkurtsoan sartuko ostiralean

Uztarria.com, Berria.info 2013ko aza. 7a, 11:20

Atzo Mondragonek, Fagorrek eta instituzioek egindako bileran bazkide ez diren langileekin ez zuen konpromisorik hartu Mondragonek, ezta Basauriko Edesa eta Azpeitiko Grumal enpresako langileekin ere. Grumal ez dute ostiralean konkurtsora eramango (juridikoki independentea da), baina Fagorrek bere porrotarekin bide berdinera eramango duen beldur dira Gipuzkoako Foru Aldundian. Hemen Goiena Debagoieneko komunikazio taldeak atzoko bileraren harira egin duen bideoa:  

Bilera "hotz eta jendetsua" izan zen Mondragon taldeak, Fagor Etxetresnakek, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Debagoieneko alkateek, Basauriko alkateak eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak atzo Lakuan egindakoa. Baina, balio izan zuen gauza batzuk argitzeko. Fagor Etxetresnen porrotak eragingo dituen langabeei erantzuteko "konpromiso irmoa" duela jakinarazi zuen Mondragonek. Txema Gisasola kooperatiba taldeko lehendakaria joan zen bilerara, Mondragon 1.000-1.200 bazkideri soluzioak emateko lanean "buru-belarri" dabilela esatera.

Bazkide ez diren langileekin, ordea, ez du konpromisorik hartu Mondragonek, ezta Basauriko Edesa eta Azpeitiko Grumal enpresako langileekin ere. Grumal ez dute ostiralean konkurtsora eramango (juridikoki independentea da), baina Fagorrek bere porrotarekin bide berdinera eramango duen beldur dira Gipuzkoako Foru Aldundian. Bazkide ez diren langile horiei laguntza emateko plangintza lantzen ari da jadanik Diputazioa eta Azpeitiko Udala.

Bilera osteko erreakzioak

Fagor hartzekodunen konkurtsoan sartuko dela, eta Grumal ez dela sartuko jakiteak Azpeitiko enpresan "argi izpi bat" sortu duela azaldu du Markel Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJren bozeramaileak: "Fagor hartzekodunen lehiaketan sartzeak Grumal ez duela zertan bide beretik eraman behar jakin dugu bileraren ostean, eta horrek Azpeitiko enpresa salbatzeko aukera sortu du".

Olanok "dagokion ardura bere egiteko" eskatu dio Diputazioari: "Grumalek martxan jarraitzeko eta prozesu hau guztia ondo bukatu dadin, Diputazioak dagokion ardura bere gain hartu behar du". Ildo horretatik, "Bizkaian Edesa salbatzeko ahalegina egin den moduan, Gipuzkoan Grumalen etorkizuna bermatzeko bere esku dagoen guztia egin dezan" eskatu diote Martin Garitano Ahaldun Nagusiari.

Garitanok ere hizpide izan du atzoko bilera Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, eta Grumal babestea ez dutela baztertzen azaldu du: "Ez dugu Grumal babesteko aukera baztertuko, baina seriotasunez eta erantzukizunez jokatuko dugu. Zalantzak argitzeko lanean ari gara, ez dugu oinarririk gabeko pausorik eman nahi". "Grumal salbatuko genuela ez genuen bileran esan nahi, aurretik hori egitea posible den jakin gabe. Ez dut estetikaren tentazioan erori nahi", ere esan du.

Garitanok adierazi du Fagorrekin harremanetan daudela Grumalen bideragarritasuna aztertzeko. Hala ere, Grumal babesteak izango lukeen eragina eta kostua aztertu beharko dutela gaineratu du, baita "ekonomikoki eta juridikoki bideragarria den" ere. Epe motzean jokatzea "oso arriskutsua" dela jakinarazi du, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak Grumalen inguruko aukera guztiak aztertuko dituela nabarmendu du.

Jaurlaritzak ere Fagorren itxierak Mondragonetik at eragingo duen enplegu galera apaltzeko esku hartuko duela esan zuen Arantza Tapia sailburuak, enpresa hornitzaileei begira jarriko direla, ahal den enplegua salbatzeko Lanbide baliatuta.

Mondragonek atzoko bileraren ostean kaleratutako agiria hemen, eta bilerako argazki galeria egin du Goienak.