Partaidetzazko aurrekontuetara aurkeztutako proposamenak bozkatzeko bilera, gaur Azkoitian

Uztarria.eus 2013ko aza. 6a, 16:36

Aldundiaren prozesu parte-hartzailearen lehen fasean 124 proposamen egin zituzten Urola Erdiko bizilagunek. Orain, aurkeztutakoen artean zein proposamen lehenetsi erabakiko dute herritarrek. Batzarra Elkargunean izango da, 18:30ean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Partaidetzazko aurrekontuak prozesua abian jarri zuen urrian. Horrela, 2014ko foru aurrekontuetako 500.000 euro zertara bideratu erabakitzeko aukera izan dute eta dute Urola Erdiko bizilagunek. Prozesuaren lehen fasean diru hori inbertzitzeko 124 proposamen jaso ondoren, orain aurkeztutako proposamenen artean lehentasunak ezarri eta aukeratzeko garaia iritsi da.

Gaur, asteazkena, Azkoitiko Elkargunean horretarako batzar irekia egingo da, 18:30ean hasita. Batzarrean, herritarrek aurkeztutako proposamenen artean gustukoenak dituztenen alde bozkatzeko parada izango dute, datorren urteko Aldundiaren aurrekontuaren 500.000 euro non eta zertan inbertitu nahiko luketen esateko aukera.

Prozesu parte-hartzaile horren azken bilera, berriz, Azpeitian egingo da, Sanagustin kulturgunean, azaroaren 28an. Azken batzar horretan zein proposamen aukeratu diren, zergatik eta nola hautatu diren, eta proposamen horiek aurrekontuetan sar daitezen eta urtebetean gauzatu daitezen zein bide egingo duten azalduko dute.