Antzerki Eskoletako lana barrutik ezagutzeko aukera izango da igandean

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko urr. 31a, 10:54
Antzerki Eskolako umeak joan den urteko topaketetan.

Aurtengo Antzerki Topaketen baitan, I. Antzerki Eskolen Eguna izango da igandean, eta Urola Kostako eskoletako kideek hartuko dute parte ekimenean. 12:00etatik 13:30era Antzerki Eskolen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da, plazan. Gainera, gaurtik igandera bitartean lau antzezlan ikusteko parada izango da Soreasu antzokian.

Urola Kostan martxan dauden antzerki eskolek egunerokoan egiten duten lana gertutik ezagutzeko aukera izango da igandean, 12:00etatik 13:30era bitartean, plazan. Izan ere, XXXI. Euskal Antzerki Topaketen baitan, I. Antzerki Eskolen Eguna antolatu du EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak aurtengorako. "Ezkutuan hainbeste lan egiten duen eta emaitza soilik ikusten den antzerki eskola horien eguna izango da", azaldu du Itziar Elias EHAZEko koordinatzaileak.

Aurreneko Antzerki Eskolen egunda izanik, Urola Kosta eskualdeko antzerki eskolak gonbidatu dituzte ekimenera: Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Aizarna, Zumaia, Zarautz eta Oriokoak. Eskola bakoitza bere irakaslearen ardurapean ariko da igandean, baina EHAZEk dinamizatzailea jarriko du.

Plazan eta aire librean, ikastaro eta tailer desberdinak egingo dituzte antzerki eskoletan dabiltzan haur, gazte eta helduek; eskoletan egiten duten lan hori kalean erakutsiz. Besteak beste, gorputz eta ahots ariketak egingo dituzte, baita inprobisazioa landu ere. Ikustera joaten direnak animatuz gero parte hartzeko aukera izango dute.

Antzerki Eskolen Eguna eskolen arteko hartu-emanak bultzatzeko asmoarekin ere antolatu dute: "Ikasleak eta irakasleak euren artean ezagutu eta lan egiteko modu desberdinak ikusteko ere balio dezake", dio Eliasek. EHAZEko ordezkariaren arabera, antzerkia erakusteko euskarazko material didaktiko arauturik ez dago, eta antzerki eskoletako irakasle bakoitzak bere erara moldatutako material didaktikoa erabiltzen du. "Igandeko saioan irakasle bakoitzak antzerkia erakusteko erabiltzen duen modua elkarbanatzeko eta ezagutzeko aukera egongo da. 

Topaketak gaur hasita

Gaur, osteguna, hasiko dira XXXI. Euskal Antzerki Topaketak, Gabrielen lekua ikuskizunarekin. Soreasu antzokian izango da emanaldia 21:30ean hasita. Hala ere, goizean, beste emanaldi bat eskainiko dute herriko ikasleentzat. 11:00etan hasita, DBH 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko lehenengo eta bigarrengo mailako ikasleei zuzendutako emanaldia izango da.

Gaurko obraz gainera, beste hiru antzezlan izango dira ikusgai asteburu honetan, Soreasu antzokian. Bihar, ostirala, Hika taldearen Hitzak. Besterik ez. lana izango da ikusgai, 21:30etik aurrera.

Etzi, zapatua, estreinaldia izango da Soreasun. Izan ere, Luhuson (Lapurdi) estreinatu berri den Hamlet obra ikusi ahalko da, Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategiaren eskutik.

Igandean, berriz, haurrentzako antzerkia izango da, 18:00etan. Patata Tropikala taldeak Mendiko altxorra lana taularatuko du.