LABeko ordezkariek ere bat egin dute azaroaren 9ko manfiestazioarekin

Uztarria.eus 2013ko urr. 29a, 11:10

Azpeitiko hainbat enpresatako LAB sindikatuko ordezkariek bat egin dute azaroaren 9an herrian egingo den manifestazioarekin. Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herritarrontzat lelopean egingo da manifestazioa 18:30ean, plazatik abiatuta.

Hemen LABek manifestazioari atxikimendua emateaz gain kaleratu duen irakurketa:

Azpeitian 2013ko Irailean, Lanbidek emandako datuen arabera, 1171 langabetu zeuden (langabezia tasa: %17'14).

Langabezi tasa hau, krisia hasi aurretik zeuden datuekin konparatuz; alegia, 2007ko epe bereko datuekin konparatuz (325 langabetu, % 4'75), %12'39 altuagoa da.

Eta krisia iada somatzen hasita zegoen 2008ko epe bereko datuekin konparatuz (420 langabetu, % 6'14), % 11 altuagoa.

Aipatutako dautetan oinarrituz, 2007ko irailetik 2013ko irailera langabezian eman den igoera % 360'60koa izan da.

Argazki honen aurrean, begibistakoa da langabezia dela krisiaren ondoriorik argienetakoa. Ukaezina den bezala pobrezia errealitate bat dela eta areagotzen ari dela. Dena dela, ez da aski pobreziaz konturatzea eta beraren argazkia egitea. Instituzioek identifikatu beharko lituzkete pobrezia sortu eta hedatzera daramaten erabakiak. Diskurtsoek ez dute inongo baliorik egoera hau gainditzea planteatzen ez badute.

LABek pobreziaren atzean diren mekanismoak salatzen ditu, bereziki laneko pobrezia eta prekarietatea, horixe baita bizi baldintzak okertzeko prozesuaren elementu nagusietako bat biztanleriaren sektore geroz eta zabalago batentzat. Lan pobreziaren jatorria Euskal Herriko eskubide sozial eta ekonomikoen etengabeko urraketan dago .

Eskubideen urraketa hau bide ezberdinetatik ematen ari da:

a) Lan erreformaren aplikazioa euskal enpresetan: lan merkatu geroz eta desarautuago bat eratzen ari da, pobretzen duena eta baliabide ekonomiko nahikorik bermatzen ez duena.

b) Emakumeen diskriminazioa: enplegurako bidea erabat baldintzatuta dute, bizi proiektu  burujabe bat garatu ahal izateko autonomia ekonomikoa oztopatzen duena.

c) Babes sistemaren suntsipena eta horrek langileengan dituen ondorio dramatikoak lan merkatutik kanpo geratzen direnean: babes sistema honek geroz eta jende gutxiago babesten du, geroz eta prestazio txikiagoekin.

d) Pobrezia ez da krisiaren ondorio natural bat. Aitzitik, lan baldintzen eta zerbitzu publikoen suntsipena politika neoliberalen emaitza da, politika horiek pobrezia sortu eta aregotu behar baitute kapitalaren irabaziei eutsi ahal izateko.

e) Horregatik diogu badirela pobretzearen erantzunkizuna duten politikak eta subjektuak: lan baldintzak suntsitzeko erabiltzen ari diren erreformak, CONFEBASK eta CEN, gizarte babesa suntsitu eta murrizten dutenak Madrilgo Gobernuak egiten duen moduan, eta murrizketa horiek bere eremu politikoan inongo alternatibarik proposatu gabe aplikatzen dituztenak Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak bezala.

f) Hainbatetan esan izan dugun bezala, bizi dugun krisia estrukturala da eta irtenbidea eman nahi badiogu nahitaez beste eredu sozio ekonomiko bat eraiki beharra daukagu. Norabide horretan badira alternatibak kapitalak ezarri nahi dizkigun pobreziaren eta prekarietatearen aurrean:

g)Pobretzen gaituen enpleguaren aurrean, negoziazio kolektiboaren defentsa, eduki duinez. Enplegu suntsipenari, kaleratzeei, soldata beherapenei eta lanaldiaren luzatze eta malgutasunari aurre egin behar zaio enpresaz enpresa eta sektorez sektore, inork ez dezan galdu negoziazio kolektiborako eskubidea.

h)Lan erreformen aurrean, lan harremanen alorreko eskumenik eza aitzakiatzat hartzen dutenen aurrean, tresna propioak exijitu behar ditugu, lan eta gizarte legedi propioa izateko enpleguaren alorrean; horrek ahalbideratuz, beste neurri batzuen artean, lanaldi murrizketa, ordu extrak desagertzea, erretiro adina aurreratzea, enplegu politika eraginkorrak aplikatzea, pentsio sistema hobetzea eta soldata duinak lortzea.

i)Eskubideak ezerezean utzi nahi dituztenen aurrean, itun sozial eta sindikal zabala eratu behar da eskubideen aitortzaren alde, interes sozialak beste edozein kontsiderazioren gainetik jarriz. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta hori lortzeko ezinbesteko tresna da.

j)Enpleguaren suntsipen eta narriduraren aurrean, lanaren banaketan eta lanaldiaren murrizketan oinarritutako politika berriak

k)Babesgabetasunaren eta gizarte bazterketaren aurrean, Premiazko Plan bat abiatzea eta Gizarte Soldata pertsonen eskubide bezala aitortzea.
 
Edozein kasutan, LABen argi daukagu beste eredu sozio ekonomiko bat eraikitzeko borrokatzen eta mobilizatzen jarraitu beharko dugula; beraz, amaitzeko, azaroaren 9an Azpeitian egingo den manifestazioan elkar ikusi garelakoan agurtzen gara.