Abadiñoko taldea nagusitu zen Xake Txapelketa estuan

Uztarria.eus 2013ko urr. 28a, 19:41
Txapelketako lehiakideak lanean, Sanagustinpen.

Hamar taldek eta 40 jokalarik hartu zuten parte igande goizean Sanagustinpean jokatutako proban. Azpeitiak bi talde aurkeztu zituen eta zortzigarren eta bederatzigarren sailkatu ziren.

Azpeitia Hiria III. Xake Txapelketan ez zen emoziorik falta izan. Igande goizean, hamar talde eta 40 xakelari buru-belarri lehiatu ziren Sanagustinpean, eguzkiak ondo epelduta. Eta, lehia estuaren ondoren, Abadiñoko taldearentzat izan zen azkenean garaipena.

Azkoitiko taldeak Abadiñokoaren puntu kopuru bera lortu zuen eta, horrenbestez, berdinketa hausteko neurtu behar izan zituzten indarrak bi taldeek. Azkenean, lehen saria Bizkai aldera joan zen, eta azkoitiarrak bigarrenarekin konformatu behar. Hirugarren tokian sailkatu zen Santurtziko Itsas Zaldunak taldea ere aurreneko biengandik gertu ibili zen, puntu erdi batera, hain zuzen.

Taldea sortzeko bidean diren Azpeitiko xakelariak, berriz, bi taldetan banatuta lehiatu ziren; zortzigarren eta bederatzigarren tokian sailkatu ziren azpeitiarrak.