23 upategi izango dira zapatuan, Ardo Egunean

Uztarria.eus 2013ko urr. 22a, 12:18
Ardo Egunaren eta txorizo lehaiketaren aurkezpena.

11:30etik 14:30era bitartean jan-edanik ez da faltako plazan. Gainera, Gipuzkoako Txorizo Egosi Lehiaketa ere egingo da goiz-eguerdi partean, eta bihar izango da txapelketan izena emateko azken eguna.

Zapatu eguerdian ardo dastaketa izango da herrian. Horrez gain, aurten, Gipuzkoako egosteko txorizo lehiaketa ere egingo dute. "Iazko Ardo Egunean herriko harakinek egindako txorizoarekin saiatu ginen. Aurten pauso bat gehiago eman, eta Gipuzkoako lehaiketa entolatu dugu. Hurrengo urtean, agian, Euskal Herrikoa antolatuko dugu", azaldu zuen Mikel Ibarzabal festetako zinegotziak, zortzigarren Ardo Egunaren aurkezpen agerraldian.

Zapatuan 11:30etik 14:30era bitartean 23 ardo desberdin dastatzeko aukera izango da. Bost eurotan ardo kopa eta bost ardo hartzeko txartelak eskuratu ahal izango dira. Gainera, edariari laguntzeko, jakien postuak jarriko dituzte. Besteak beste, gazta eta txorizo pintxo eta ogitartekoak izango dira Azpeitiko Gaixo eta Elbarrien Aisialdiko Taldeak prestatuta.

Goiz partean Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Harakinen eta Txarkuteroen elkarteak Gipuzkoako txorizo egosi lehiaketa egingo dute. Ostirala bitartean 15 lagun zeuden lehiaketan izena emanda, eta lehiatu nahi dutenek bihar arteko epea dute izena emateko. Udalera deitu behar da (943 15 70 68) edo harakinen elkartera (943 42 55 57).

Lehiakide bakoitzak bi kilo txorizo aurkeztu beharko ditu parte hartzeko. Txorizo hori Gaixo eta Elbarrien aisi taldekoek egosiko dute: "Udalak utzita edo elkarteetatik ekarriko ditugu sukaldatzeko tresnak", azaldu zuen Gregorio Mozok. Epai-mahaia, besteak beste, Mikel Uria sukaldariak, herriko elkarte bateko kide batek eta Gipuzkoako Harakinen elkarteko kideek osatuko dute, eta Valentin Odriozola harakinaren arabera, epaimahaikideek hainbat gauza izango dute kontuan txorizoa baloratzerakoan.

Ana Aranberri Gipuzkoako Harakin eta Txarkuteroen elkarteko kideak azaldu zuenez, "horrelako ekimenek bertako eta betiko dendan-eta bultzatzeko balio dute".

Libre ekimenari laguntza

Joan den astelehenean hasi zen Segiko kide izateaz egotzitako 40 gazteren kontrako epaiketa Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Auzipetuen artean da Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna. Ostegunean izan zen, bestalde, herriko tabernen auziaren lehenengo saioa. Euskal Herriko beste hainbat elkarterekin batera, Orkatz Kultur Elkartea ere auziaren barruan dago. Hori dela-eta, auzipetutako 40 laguni bezala, tabernetako ordezkariei ere deklarazioa hartuko diete. Hala, Xabier Arrizabalaga Enbortxo Orkatz Kultur Elkarteko ordezkari moduan izango da Madrilen, datorren hilaren bukaera aldera.

Libre ekimena urriaren 14an eta 17an Madrilgo Entzutegi Nazionalean burutuko diren bi makroepaiketa politiko salatzeko xedez sortutako mugimendua da, Ardo Egunean lortutako irabazien zati bat dinamika laguntzeko izango da.

VIII. Ardo dastaketa eguna Azpeitian

Postuak, eta ardogileak:

  • Faustino V (Ondua)
  • Viña Bujanda (Ondua)
  • Zinio (Ondua)
  • Medrano Irazu (Ondua)
  • Azpilikueta (Ondua)
  • Luis Alegre (Ondua)
  • Heredad de Ugarte (Ondua)
  • Bordon (Ondua)
  • Gran Feudo Chivite (Ondua)
  • Conde de Valdemar (Ondua)
  • Viña Real (Ondua)
  • Ysios (Erreserba)
  • Rioja Vega (Ondua-Edizio mugatua)
  • Iñurrieta Cuatrocientos (Ondua)
  • Tarsus Roble (Haritz-kupela)
  • Ostatu (Ondua)
  • Ruiz de Viñaspre (Ondua)
  • Pierola (Ondua)
  • Pierola (Txuria)
  • Cerro Añon (Ondua)
  • Cerro Añon (Txuria)
  • Solaguen (Ondua)
  • Solaguen (Txuria)