Askatu egin beharko dituzte 'Parot doktrina' aplikatuta duten presoak

Berria.info, Uztarria.com 2013ko urr. 22a, 11:30
Atzo iluntzean elkarretaratzea egin zuten plazan. (Nerea Uranga)

Atzo, astelehena, elkarretaratzea egin zuten hainbat herritarrek plazan, 197/2006 doktrina aplikatuta duten presoak aske uzteko eskatzeko. Atzo Europako Giza Eskubideen auzitegiak emandako epaia Del Riori buruzkoa da, baina doktrina ere bertan behera uztea ebatzi zuen. Nolanahi ere, Espainiako Gobernuak argi utzi du ahaleginak eta bi egingo dituela doktrina aplikatuta preso daudenak espetxetik ahalik eta beranduen ateratzeko.

Parot doktrinarenak egin du. Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Sala Handiak berretsi egin du iazko uztailean Sala Txikiak emandako epaia, eta Espainiari ezetz esan dio, ezin duela Parot doktrina aplikatzen jarraitu. Hori esaten dion bigarren aldia da, eta oraingoan bete egin beharko du, lehenengoan egin ez bezala. Parot doktrina "legez kanpokoa" dela, giza eskubideak urratzen dituela, azken bost urteetan Ines Del Rio "legez kanpo" eduki duela preso, eta aske utzi behar duela "ahalik eta lasterrena". 2008tik behar zuen aske Del Riok. Horregatik, urte hauetan guztietan legearen eta eskubideen kontra Tafallako presoa giltzapean edukitzeagatik 30.000 euroko kalte-ordaina emateko ere agindu dio Estrasburgok Espainiari, eta gastuak berdintzeko 1.500 euro emateko ere bai. Ordainketa horiek egiteko hiru hilabeteko epea eman dio, gainera.

Del Rio 1987tik dago preso. 24 hilketa egotzita, 3.828 urteko zigorra jarri zioten. 2008ko uztailerako jarri zioten libre ateratzeko eguna, baina 2008ko ekainaren 23an 2017ra arte luzatu zioten zigorra. Espainiako Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak erabakia berretsi ostean, presoari eman dio arrazoia orain Estrasburgok, bigarrengo aldiz. Gaurkoa kontatuta 1.937 dira Ines del Rio preso tafallarrak (Nafarroa) espetxetik kanpo egin behar zituen egunak. Izan ere, 2008ko uztailaren 2an irten behar zuen hasieran jarri zioten zigorra beteta. Zigorra 2017ra arte luzatu zioten gero.

2012ko uztaileko erabakia ez zuen bete Espainiak, eta helegitea jarri zuen Estrasburgon, arrazoia emango ziotelakoan. Ez da hala gertatu, eta orain ez dago helegite gehiago jartzeko aukerarik. Erabakia bete beharko du. Honela dio epaiak: "Bete behar zuen baino espetxe zigor handiagoa bete du Del Riok, beraz, Espainiari dagokio ahalik eta lasterren hura libre uztea".

Epaia osorik ez betetzeko intentzioa erakutsi zuen atzo, hala ere, Alberto Ruiz Gallardonek, Espainiako Justizia ministroak. Kalte-ordainik ez diola emango esan zuen, haren esanetan presoa bera baitago "zorretan" Espainiarekin, biktimei ez zizkielako ordaindu bere garaian agindutako kalte-ordainak. Beraz, Estrasburgok agindutako 30.000 euroko kalte-ordaina "zor" duenetik kenduko diola jakinarazi zuen Gallardonek. Amaia Izko defentsak, hala ere, zalantzan jarri zuen hori egitea legezkoa ote den, eta "eztabaidatuko" dutela ohartarazi zuen.

Del Riori buruzkoa da epaia, baina argi dago doktrina bera eraisten duela. Del Rioren eskubideak urratzen badira, hari bezala doktrina ezarri dieten guztienak ere urratzen dira. Nolanahi ere, Espainiako Gobernuak argi utzi du ahaleginak eta bi egingo dituela doktrina aplikatuta preso daudenak espetxetik ahalik eta beranduen ateratzeko. Gallardonek esan zuen erabakia ez dagokiola gobernuari, auzitegiei dagokiela, baina gobernuak auzitegietan duen parteak, fiskalak, "zorrotz" aztertuko dituela preso bakoitzaren egoerak, haiek espetxetik ateratzea galarazterik edo berandutzerik badago halaxe egiteko.

Parot doktrina Auzitegi Nazionalak aplikatzen duenez, hari dagokio indargabetu eta doktrina jarri dieten presoei hura kentzea ere. Auzitegi horretako zigor arloko magistratuak gaur bertan dira biltzekoak, Estrasburgoko erabakia dela-eta nola jokatu erabakitzeko. Ostiralerako ere beste hitzordu bat zuten zigor salako epaileek, bi presok doktrina jarri izanaren kontra jarritako helegitea aztertzeko. Izango dute lan gehiago ere auzitegiek; izan ere, defentsak iragarri du doktrina jarri dioten preso bakoitzaren kasuan erabakia bertan behera uzteko eskatuko dutela, prozedura judizial bakoitzari dagokion lekuan. Datozen egunetan egingo dute, eta haiek guztiek epe motzean aske behar dutela uste du defentsak. Doktrina jarri zaien preso batzuen helegiteak Gorenean eta Konstituzionalean daude.

Doktrina aplikatuta aurkitzen diren 60 ETAko presoetako (EPPKko 56 eta Langraitz bidea hartu duten lau) bat da Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiarra. Paterrak 2009ko irailaren 10ean bete zuen ezarritako zigorra, baina 2010eko otsailean 1997/2006 doktrina (Parot delakoa) ezartzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Hori dela-eta, 2019ko irailera arte luzatu zioten zigorra. Urola Kostako Hitza-k Joxe Arruti Paterra-ren anaiarekin hitz egin du, eta Estrasburgoren ebazpena modu positiboan baloratu du. Balorazioa irakurtzeko egin klik hemen.

Atzo, astelehena, Europako Giza Eskubideen auzitegiaren epaiaren ondotik, hainbat herritarrek elkarretaratzea egin zuten plazan, 197/2006 doktrina aplikatuta duten presoak aske utzi ditzaten eskatzeko.