Jose Maria Setien: "Nitaz esandakoekin ez dut sekula minuturik galdu"

Uztarria.eus 2013ko urr. 16a, 11:15
Jende ugari izan zen Setien eta Euzkitzeren arteko solasaldian, Sanagustin kulturgunean.

Atzo, asteartea, 150 bat lagun izan ziren Sanagustin kulturgunean, Jose Maria Setien Donostiako Elizbarrutiko gotzain izandakoaren eta Xabier Euzkitze telebistako aurkezlearen arteko solasaldiaz gozatzen. Gotzain izan zen garaiez, elizaren egungo egoeraz, Vatikanoaz eta Aita Santuaz jardun zuten, besteak beste. Hurrengo Aho bizarrik gabe abenduan izango da.

"Gure apezpikuak ez du konbokatoria ahalmenik galdu", esan zuen atzo Euzkitzek, Aho bizarrik gabe solasaldietako bosgarren saioa hasterako. Izan ere, jende asko (150 lagun baino gehiago) bertaratu zen atzo, asteartea, Jose Maria Setien (Hernani, 1928) Donostiako Elizbarrutiaren apezpiku izandakoaren eta Xabier Euzkitzer telebistako aurkezlearen arteko solasaldiaz gozatzera.

Solasaldi guztien moduan, Sanagustin kulturgunean izan zen atzoko solasaldia ere, eta "elizan gaude" esanaz hasi zuen hizketaldia Euzkitzek. Setienek han ere "lasai" zegoela azaldu zion: "Gotzainarentzat bere lekua izan behar du elizbarruti osoak, eta hemen ere lasai nago". Bertaratutako ikus-entzuleen artean kristau ez zirenak ere izango zirela aipatu zuen Euzkitzek, eta haiei ere "ongi-etorria" eman zien apezpikuak, "denak dira-eta elkarrizketaren parte". Kristautasuna moda kontua al den galdetuta, "benetako arazoa konfirmatuta edo bataiatutako horiek benetako kristauak diren ala ez" dela jakinarazi zuen: "Kristau izateko beste zerbait behar da; sinesmena. Kristau sinesmena izatea orain eta beti. Hala ere, kristau ala ez, denekin gustura egoten saiatzen naiz".

Eliza eta herritarren arteko distantzia, urruntasuna, ere izan zuten hizpide, eta Setienen arabera, "analisi serioa egin beharko litzateke arrazoiak topatzeko. Gogoeta serioa egin behar da. Arazoa ez da dogma. Baliteke batzuk sentitzea eliza ez dela behar bezala aldatu, baina zer espero du jendeak? Ez dut uste benetako arrazoia dogma ez aldatzea denik. Elizarekin harremanik ez duen gaztearen arrazoia eliza behar beste ez aldatzea izango da, agian. Azken finean, arazoek gehiago kezkatzen dute gizakia".

Gotzai "mediatikoa"

Onerako eta txarrerako, asko esan eta idatzi da Setienen ibilbideaz eta berak esandakoez, baina horrekin "sekula minuturik ez" duela galdu azaldu zuen: "Gotzain nintzenean uste nuena egiten saiatzen nintzen. Gipuzkoako eta Euskal Herriko arazoak bereziak ziren, eta horretaz hitz egiten nuen. Gotzainak arazo horiez hitz egin behar zuen, berak nahi ez bazuen ere. Arazo horiek, azken batean, elizaz kanpo ere planteatzen ziren, eta jendeak kezkak zituen". Setienen ustez "arazoa ez da gotzaina mediatiko izateko sartu ote zen". Izan ere, "gaiak haiek ziren, ez nituen nik asmatu, eta gotzaina arazoen tartean zegoen. Gainera, arazoak ezin ziren alde batera utzi".

Gotzainak "bere influentzia" zuela aitortu zuen: "Gotzaina ez zen hor galdutako norbait, eta normala ikusten dut mediatikotasuna. Gainera, ezin ziteken ezer esan gabe gelditu. Onartzen zen edo ez esandakoa, baina herriak jakingo du gotzainari zergatik eman zitzaion garrantzia".

Euskal Herritik kanpo "egurra" jasotakoa da Setien, eta Interneteko sarrera gehientsuenetan politikarekin lotzen dute. "Eta, teologia? Ez al duzu uste teologia mailako gogoeta, hausnarketa eta ondorioak bigarren mailan galditu direla?", galdetu zion Euzkitzek. "Gotzain nintzenean (1979-2000) jendeak zituen kezkak zirenak ziren. Banekien nire hitzek interesa sortzen zutela, eta erlojio gaiek ez zutela halako tira-birarik sortzen. Dena den, denetariko gaiak izan nituen hizpide nire idatzietan, ez Euskal Herriko arazoak soilik. Nahiko deontotonikoa nintzen. Egin beharrekoa ahal bezain ondoen egiten saiatzen nintzen, eta sinesmenarekin lotura zuen".

"Denen gotzain?"

Maria San Gil orduko PPko presidente zenak beraz esandakoak jarri zizkion mahai gainean Euzkitzek: "Como sociedad hemos dejado mucho que desear, pero nuestras instituciones no han dado mejor ejemplo. Y no sólo me refiero a las instituciones políticas, porque en el País Vasco incluso la institución eclesiástica ha adolecido de falta de ejemplaridad e incluso de falta de caridad cristiana. Pero mi obispo me dejó muy claro que, para él, había fieles de primera y fieles de segunda. O sea, como los vascos, que los hay de primera, que suelen ser los nacionalistas, y de segunda, que somos los no nacionalistas". 

Hori entzundakoan "zuk zer pentsatzen duzu hortaz" galdetu zion Setienek Euzkitzeri. Setienen aburuz, "interesa ez da sortzen batek esaten duenagatik, esaten duenak duen interesagatik baizik", eta San Gilek bere kontra esandakoez hurrengoa azaldu zuen: "Gotzai izateari uzteko nengoenean, Madrilen, Rouco Varelarek gauza bera esan zidan. Erantzun nekioken hori bere egia zela, baina ez, denen gotzain izaten saiatzen nintzela esan nion. Denentzat berdin izan behar nuela. Denak ez dira berdinak, ordea. Seme-alaba guztiak berdin maitatu beharrik ez zegoela ere esan nion, baina ez dut uste guztia entzun zidanik. Ze gero esan nion gehien sufritzen zutenak gehien maitatu behar zirela. Entzun zuena entzunda, eskerrak eman zizkidan".

Frantzisko I.na eta aldaketa

Aita Santu berria eta hark Aita Santu izandako gainontzekoekin dituen desberdintasuna aipatu zizkion Euzkitzek. "Jesus ez zen pertsonak epaitzera etorri, sabatzera baizik", esan zuen. Horrez gain, "Frantzisko I.ren homosexualitatearen inguruko doktrina ez da lehengo desberdina" azpimarratu zuen Setienek, eta ildo horretatik, "Aita Santua ez da sartu epaitzera. Beretzat maitasun beharrean daudenak dira sufritzen ari diren guztiak. Aztertu beharrekoa da Frantziskok gizartearekiko duen perspektiba, eta esan dituen bi hitzegatik ezin da doktrinaren ondoriorik atera. Hala ere, asko estimatzen dut", gaineratu zuen.

Vatikanoko "garbiketa" ere hizpide izan zuten. "Pozik nengoke gauza horiek egin eta gero hartutako erabakiak halakoak balira. Itxaropena eta ikusmina aipatu nahi nituzke. Horiek aipatuta, Aita Santuaren hitzak ez daitezela ikusmina sortzeko soilik izan, eta benetako itxaropena ekar dezaten espero dut. Elizak esperantza behar du, eta ikusiko dugu sinodo berriak zer erabaki hartzen dituen. Azken batean, ea hitzak eta asmoak errealitate bilakatzen diren, eta nola bilakatzen diren. Dena den, nik uste, esperientzia eta indarra badituela Aita Santu berriak".

Laburrean

Solasaldiaren bukaeran hiruzpalau galdera "berezi" luzatu zizkion Euzkitzek Setieni. Elizan emakumeak duen presentziaz egin zion aurreneko galdera, eta "eragozpenik ez dago nigatik" erantzun zion gotzainak: "Teologia aldetik, elizak ez dauka arrazoirik emakumeak apaiz ez izateko edo mezarik ez emateko. Baina, hori ez da urtebetera edo bost urtera izango.

Sekula ez al den maitemindu ere galdegin zion, eta "hala balitz ere ez nizuke esango" erantzun zion Setienek. Haren aburuz, "aske izateko ez da beharrezkoa gertatu eta pentsatzen den guztia esatea. Aske izateko intimitatea behar du pertsonak, eta gizarteak intimitatea zaindu behar du".

Solasaldia bukatzeko "heriotzari beldurrik" ba ote zion itaundu zion Euzkitzek, eta "positiboki" hartu behar dela erantzun zion hernaniarrak. "Kristau fedearen baitan dago hil ondorengo bizitzan sinestea, eta ni fio naiz, beldur guztietatik libre ez naizen arren".

Horren karietara, Euzkitzek bere amonaren pasadizoa kontatu zuen. Amona hiltzear zuela "ia hiltzeari beldurrik" bazion galdetu zion bilobak, eta "bildurre, nola ba! Zeru ederrea nijue-ta" erantzun amamak. Hori entzunda, "hainbeste esatera ez naiz ausartzen" azaldu zion Setienek.

Euzkitzek eskarmentu handia du komunikazio munduan, eta ehunka elkarrizketa egin baditu ere, berria zen Setienen aurrean. Sekula ez zuen Sentien elkarrizketatzeko aukerarik izan, eta "gogoa" bazuela aitortu zuen hitzaldiaren ostean.