Autobusa antolatu dute zapatuan Legazpin jokatuko den Txapelketa Nagusiko bertso saiorako

Uztarria.eus 2013ko urr. 14a, 15:23

Jokin Uranga eta Beñat Lizaso izango dira oholtzan, beste lau bertsolarirekin batera. Saioa 17:30ean hasiko da, eta 16:00etan aterako da autobusa Azpeititik. Izen-ematea zabalik dago, eta bertso saiorako sarrerak salgai daude oraindik ere.

Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusiko final laurdenetako bosgarren kanporaketa jokatuko da zapatuan, hilak 19, Legazpin. Jokin Uranga eta Beñat Lizaso azpeitiar bertsolariak Urbeltz pilotalekuko oholtzan izango dira, Oihana Bartrarekin, Ainhoa Agirreazaldegirekin, Igor Elortzarekin eta Iñigo Mantzisidor Mantxi-rekin batera. Gipuzkoako Txapelketan lortu zuten Urangak eta Lizasok Txapelketa Nagusiko txartela. 

Saioa 17:30ean hasiko da, eta Orkatz Kultur Elkarteak autobusa antolatu du saiora joan nahi dutenentzat. Izen-ematea zabalik dago, eta zapatuan 16:00etan aterako da autobusa Etxe Zuri taberna aurretik. Bertso saiorako sarrerak salgai daude oraindik ere, eta hemen eskuratu daitezke. 

Guztira sei final laurden jokatuko dira, eta saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da finalerdietara. Sei irabazleez gain, puntu gehien lortzen dituzten beste hamabi bertsolarik osatuko dute hurrengo faseko taldea. Aurreko saioetan honako bertsolariak pasatu dira zuzenean hurrengo fasera: Jon Martin, Agin Laburu, Julio Soto eta Beñat Gaztelumendi.

Duela lau urteko finalistek ez dituzte kanporaketak jokatuko eta finalerdietan hasiko dira lehian, aurreko fasetik sailkatzen diren 18 bertsolariekin batera. Maialen Lujanbio, 2009ko irabazlea, zuzenean pasatuko da aurtengo finalera, eta Andoni Egañak duela lau urteko finalean iragarri zuen ez zuela hurrengo Txapelketa Nagusian parte hartuko.