Umeen eskolaz kanpoko ekintzetarako beka sistema berriari ekin dio Udalak

Uztarria.eus 2013ko urr. 8a, 19:52
Aloña Larrañaga Gazteriako teknikaria, Mikel San Juan (Arte eta Diseinu), Mari Jose Iturria eta Leire Etxaniz zinegotziak, eta Mari Jose Bikendi (musika eskola). (NEREA URANGA)

2013ko aurrekontutik 50.000 euro jarriko ditu, urte amaiera arteko bekak emateko, eta urte berriarekin berriro irekiko dute eskaerak egiteko epea. Laguntzak beharra duten familietako 3 eta 16 urte arteko haurrentzat dira eta bakoitzak gehienez bi beka jaso ahal izango ditu, ondorengo eskola edota jardueretan: Juan Antxieta Musika Eskola, Itsasi Dantza Taldea, Arte eta Diseinu Ikastegia, antzerki tailerra, Udal Kirol Patronatuko bazkide kuota eta Gabonetako udal udalekuak.

Krisi ekonomikoa "gure herria bereziki bortizki kolpatzen" ari denean eta "familien arteko bereizketak gero eta nabarmenagoak" direla kontuan hartuta, beharra duten familietako haurrei bideratutako ekimen berria jarri du abian Udalak, Hezkuntza eta Gizarte Zerbitzuetako batzordeen bidez: hezkuntza ez-arautuko zentroetan eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartu nahi dutenentzako beka sistema.

Joan den astean, urriko udalbatzarrean, onartu zuten diru-laguntza sistema hori eta atzo, astelehena, prentsaurrean azaldu zituzten xehetasunak Udal Gobernuko kideek eta ekimenak eragiten dien zentroetako kideek. "Etxeko ekonomiaren egoera txarrak eraginda, gero eta haur gehiago dira ezin dutenak hezkuntza araututik kanpo gelditzen diren eskoletan ibili. Egoera honen aurrean, Udal Gobernuan ezin gara besoak gurutzatuta egon. Hori garbi dugu. Horregatik, esfortzu berezi bat egin dugu beka sistema abian jartzeko", azaldu du Mari Jose Iturria zinegotziak.

Laguntzak beharra duten familietako 3 eta 16 urte arteko haurrentzat dira eta bakoitzak gehienez bi beka jaso ahal izango ditu, ondorengo eskola edota jardueretan: Juan Antxieta Musika Eskola, Itsasi Dantza Taldea, Arte eta Diseinu Ikastegia, antzerki tailerra, Udal Kirol Patronatuko bazkide kuota eta Gabonetako udal udalekuak. Azken kasu horretan, udalekuenean, izena emateko epea irekitzen denean emango dira laguntzak. Gainerakoetarako, familiek aipatutako zentroetan banatu dituzten eskaera orriak bete eta Udaleko Gizarte Zerbitzuetan aurkeztu beharko dituzte, urriaren 24a baino lehen.

Kopuruak, jarraipena eta baldintzak

Diru-laguntza jasotzen dutenei jarraipena egingo zaiela jakinarazi dute udal arduradunek. "Asistentzia kontrolatuko zaie, eta klaseetara joaten ez direla ikusiz gero, beka kenduko zaie".

Beka sistemari ekiteko 50.000 euro jarriko ditu Udalak. Kopuru hori 2013ko udal aurrekontutik jarriko dute, eta urte amaiera arteko hiru hilabeteak estaltzeko erabiliko dute. Baina datorren urteko aurrekontuetan ere haurren eskolaz kanpoko ekintzetarako bekak kontuan hartuko dituztenez, urte berriarekin berriro irekiko dute laguntza horiek eskatzeko epea.

"Azpeitiko Udalak bide berri bat zabaldu du beka sistema honekin eta, hasiera izanik, sistema hobetzeko beharrak aztertzen joango da", esan du Iturriak. "Baldintza malguak" ezarri dituztela gaineratu du, "ahalik eta familia gehienetara iristeko asmoz. Gizarte Zerbitzuek larrialdiko egoeretarako edota bazterkeria kasuetarako diru-laguntzak emateko dituen irizpideez gain, ERE-n eta langabezian dauden pertsonak ere kontuan hartuko dira".

Herritarrei "lotsak eta beldurrak alde batera uzteko, eta euren seme-alabei ahalik eta hezkuntza osatuena izateko duten aukera baliatzeko" deia egin die Udalak.