Autobus zerbitzuak hobetzeko prozesua hasiko du Aldundiak Urola Kostan

Urola Kostako Hitza 2013ko urr. 8a, 18:43
Autobusa Betharrameko geltokian. (ANE OLAIZOLA)

Eskualdeko herrietan bilerak egingo dituzte datozen hilabeteetan, erabiltzaileen ekarpenak jasotzeko. Azpeitikoa urriaren 28an, astelehena, izango da, udaletxean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, garraio publikoaren sistema hobetzeko asmoz, prozesua abiatuko du datozen asteetan. Gipuzkoako 56 herrietako biztanleek prozesu horretan parte hartzeko aukera izango dute. Horien artean Aia, Aizarnazabal, Azpeitia, Azkoitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaian bilera saioak egingo dituzte, eta herritarrek ekarpenak egiteko aukera izango dute.

Aldundiak adierazi du Gipuzkoako hego-mendebaldeko 2013-2014 autobus kontsezioak berritu behar dituela, eta oraingoan udalekin elkarlanean egingo duela agindu du Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak. "Herritarrekin hitz egin nahi dugu, herritarren beharrak entzun nahi ditugu, eta hortik aterako ditugu datozen urteetarako garraio publikoko zerbitzuak".

Ekarpenak, hiru modutara

Eskualde barruko zerbitzua, eskualdeen arteko loturak, hiriburura joan-etorria egiteko zerbitzua, maiztasuna, ibilbidea eta ordutegiaren inguruko iritzia eman ahalko dute, hiru modutara. Batetik, bilera irekiak egingo dituzte herrietan, herritarrek iritziak plazara ditzaten. Bestetik, autobus egunak egingo dituzte; Aldundiko ordezkariak autobusetara igoko dira, erabiltzaileen iritzia jasotzeko. Hirugarren aukera Internet bidez izango da; www.garraioahobetzen.net atariaren bidez egin daitezke ekarpenak. Bileren egutegia han ikus daiteke.

Arantza Ruiz de Larrinaga Partaidetzarako zuzendariak adierazi du prozesua garraio publikoko erabiltzaileei edo erabiltzaile izan daitezkeenei zuzendu dietela. Hurrengo urte bukaerarako amaituko dute prozesua.