21:30ean egingo diote harrera Eneko Ibargureni Orkatzen

Uztarria.eus 2013ko urr. 3a, 21:28

Ostiralerako herrian eta zapaturako Bilbon deituta dauden mobilizazioetan parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute arratsaldeko herri batzarrean, atxilotuak aske gelditu arren "baina" asko daudelako oraindik airean. Bilboko manifestaziorako autobusa antolatu dute: 16:00etan irtengo da anbulatorio aurretik eta izenak Sanagustinen, Jim Clark-en, Orkatzen eta Txarrantxan eman daitezke.

Espainiako Auzitegi Nazionalean deklarazioa hartu eta epaileak libre utzi ondoren, Herrira-ren kontrako operazioan atxilotutako Eneko Ibarguren Kurku gaur, osteguna, 21:30ak aldera iritsiko da Azpeitira. Ordu horretan harrera egingo diote Orkatzen.

19:00etan Sanagustinpean egin den herri batzarrean eman dute harrera ekitaldiaren berri. Era berean, ostiralerako herrian (gazte mugimenduak, gehiengo sindikalak eta hainbat herritarrek deituta) eta zapaturako Bilbon deituta dauden mobilizazioetan parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute arratsaldeko herri batzarrean, atxilotuak aske gelditu arren "baina" asko daudelako oraindik airean: guztiek inputatuta jarraitzen dute, "talde terroristako kide izatea, goratzea eta finantzatzea" leporatuta; eta Herrira-ren egoitzak bi urterako itxita geratuko dira, besteak beste.

Bilborako autobusa

Zapatuan, 17:30ean Casillatik abiatuta, Herrira-ren kontrako operazioari erantzunez manifestazioa egingo da Bilbon, Tantaz tanta euskal presoen eskubideen alde, konponbidearen alde aldarriarekin.

Manifestazio horretara joan nahi duten azpeitiarrek herritik Bilborako joan-etorria egiteko autobusa izango dute, hala nahi izanez gero. Autobusa 16:00etan abiatuko da anbulatorio aurretik, eta bertan joateko asmoa dutenek Sanagustinen, Jim Clark-en, Orkatzen eta Txarrantxan eman dezakete izena.

"Eskerrik asko guztiei, bihotz-bihotzez"

"Nekatuta" baina "oso ondo" daudela esan du Eneko Ibargurenek Info7 irratian Madrildik, epaileak libre utzi eta ordubete ingurura egin dioten elkarrizketan. Astelehenean, irailaren 30ean, atxilotu zuten azpeitiarra, beste 17 lagunekin batera, euskal presoen eskubideen defentsan aritzen den Herrira mugimenduaren kontrako operazioan. Gaur, 72 orduko atxiloaldiaren ostean, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu dute goizez atxilotuetako hamalauk eta arratsaldean beste lauk; horietatik hamalau -Ibarguren tartean- aske utzi dituzte, eta beste lauk fidantza ordaindu beharko dute aske ateratzeko.

Operazioaren aurrean Euskal Herrian sortu den elkartasun eta protesta mugimenduen berri izan dutela adierazi du Ibargurenek Info7-n eta "eskerrik asko guztiei, bihotz-bihotzez" esateko baliatu du elkarrizketa: "Zuzenean ezin izan dugu jaso babes hori, baina geunden ziegetan sentitu dugu berotasuna".

Hemen, Info7 irratiko elkarrizketaren audioa.