Eneko Ibargurenen atxiloketa salatu du hainbat eragile sozialek

Uztarria.eus 2013ko urr. 3a, 12:24

Sarekadaren izaera "oso larria" dela esan dute, argi erakusten duelako Espainiako Gobernuaren asmoa "gatazkaren konponbidean konpromisoak hartu beharrean errepresioan eta blokeo estrategian sakontzea" dela. Herritarrei egunotarako antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete.

Azpeitiko hainbat eragile sozialek (azaroaren 9ko manfiestazioko deitzaile batzuk, tartean) Herrira-ren kontrako sarekada "salatu" du: "Elkartasuna adierazi nahi diegu atxilotutako militante guztiei zein haien senitartekoei, eta bereziki gure herrikide den Eneko Ibargureni".

Sarekadaren izaera "oso larria" dela esan dute, argi erakusten duelako Espainiako Gobernuaren asmoa "gatazkaren konponbidean konpromisoak hartu beharrean errepresioan eta blokeo estrategian sakontzea" dela. Horrez gain, presoen inguruan euskal gizartean dagoen "sentsibilitatea" kontuan izanda, operazio honek erakusten du Espainiako Gobernuak "errepresio eta blokeo estrategian jauzi kualitatiboa" eman nahi izan dutela.

"Operazio honek ez du inongo justifikaziorik. Euskal gizarteak ez du inongo epaiketaren beharrik Herrirako kideek presoen eskubideak defendatzen dituztela eta egiten zaizkien akusazioekin zer ikusirik ez dutela jakiteko. Euskal gizarteak badaki muntai poliziala besterik ez dela", salatu dute.

Eragile sozial horiek dei egin dute egunotan Herrira-ren kontrako operazioa salatzeko egingo diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko. Besteak beste, ostirala bitartean egingo diren mobilizazioetan, bihar, ostirala, herriko lantokien eta udaletxe aurrean egingo diren elkarretaratzeetan eta zapatuan Bilbon izango den manifestazio nazionalean parte hartzera deitu dituzte herritarrak.