Eneko Ibarguren lehenbailehen aske uzteko eskatu du Udalak

Uztarria.eus 2013ko urr. 2a, 14:06
Herritar ugari izan zen Eneko Ibargurenen inguruko mozioaren bozketan.

Atzo, asteartea, ohiko udalbatzarrean aho batez onartu zuten sei puntuko mozioa. Udal talde guztiek (Bildu, EAJ eta H1!) "iraganeko politikak alde batera utzi eta euskal bake prozesuaren alde" lan egiteko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Mozioa onartu ondoren, Eneko Ibargurenen arreba Leirek hartu zuen hitza, eta Bilduren Udal Gobernuari eskerrak eman zizkion, "familiari eskainitako babes eta laguntzagatik". 

Atzo, asteartea, ohiko udalbatzarra egin zuten udaletxean, eta Eneko Ibarguren Kurku eta Herrira mugimenduaren kontrako operazioan atzemandako beste 17 kideen atxiloketak salatzeko sei puntuko mozioa aurkeztu zuen Bilduk. Udal talde guztiek (Bildu, EAJ eta H1!) aho batez onartu zuten mozioa, eta "Ibarguren lehenbailehen aske uzteko" eskatu zuten. Horrez gain, "elkartasun eta babes guztia" helarazi diote Ibargureni, bere senitarteko, lagunei zein atxilotu guztiei eta Espainiako Gobernuari "iraganeko politikak alde batera utzi eta euskal bake prozesuaren alde" jarduteko eskatu diote.

Mozioa onartu ondoren, Eneko Ibargurenen arreba Leirek hartu zuen hitza. Bilduren Udal Gobernuarentzat esker hitzak izan zituen, "familiari eskainitako babes eta laguntzagatik". EAJkoei ere zuzendu zitzaien Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak atzo arratsaldean bertan egindako adierazpenen harira: "Biktimismoa erabiltzen dugula entzutea gogorra da, horrelako egoera batean. Elkarbizitza indartzeko bidean bestearen mina errespetatzea ezinbestekoa bada, mesedez, errespetatu gure mina".

Hemen udal talde guztiek aho batez onartutako mozioa osorik:

1.- Elkartasun guztia eta babesa helarazi nahi diogu Eneko Ibargureni, bere senitarteko eta lagunei, eta beste atxilotu guztiei.

2.- Gure kezka agertu nahi dugu atxiloketa honek suposatzen dituen ondorio pertsonal nahiz politikoengatik. Eneko  Ibarguren lehenbailehen aske gelditzeko eskatzen dugu, giza eskubideen defentsan aritzea ez delako delitua.

3.- Euskal Herriak bere etorkizuna bide demokratikoen bitartez eraiki nahi du. Baina, Eneko Ibargurenen atxiloketaren atzean Espainiako Estatuak agertzen duen jarrerak gure herrian pizturik den bake esperantza zapaltzeko asmo irmoa erakusten du eta Udalak bere kezka adierazi nahi du.

4.- Une politiko honek duen garrantziaz jabeturik, Espainiako Gobernuari iraganeko politikak alde batera utzi eta euskal bake prozesuaren alde jarduteko eskaera luzatzen diogu.

5.- Azpeitiko Udalak giza eskubide guztien alde eta euskal presoen eskubideen defentsan lan aktiboa egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen du.

6.- Herritarrei deia luzatzen diegu atxiloketa hauen aurka deituko diren protesta ekintzetan parte hartzeko, besteak beste, herrian ostirala (urriak 4ean) deitutakoak, eta larunbata, urriak 5ean, Bilbon deitutako manifestaldian. Azpeitiko Udalak bando bitartez ekitaldi horietan parte hartzeko deialdia egingo du.