Manifestazio jendetsua, Eneko Ibargurenen eta Herrira-koen atxiloketen kontra

Uztarria.eus 2013ko ira. 30a, 21:49
Manifestazioaren burua Enparan kalean behera.

Ehundaka lagunek egin du bat protestarekin, Konponbideari erasorik ez. Utzi bakean Euskal Herria. Kurku askatu zioen pankartaren atzean. Ibargurenen arreba Leirek jakinarazi duenez, komunikatutako atxiloaldian dago azpeitiarra, baina haren berririk ez dute goizean atxilotu dutenetik. Ostegunean Madrileko Auzitegi Nazionalera eramango dutela uste dute. Azken ordukoa (20:30): Eneko Ibarguren Madrilera eraman dutela jakinarazi du Azpeitiko Herrirak bere Twitter-eko kontuan.

Herrira presoen eskubideen aldeko herri mugimenduaren kontrako operazioan atxilotu dute astelehen goizean Eneko Ibarguren Kurku azpeitiarra. Arratsaldean, operazioaren eta atxiloketen kontra deitutako manifestazioa egin da Azpeitiko kaleetan, eta hundaka lagunek egin du bat protestarekin, Konponbideari erasorik ez. Utzi bakean Euskal Herria. Kurku askatu zioen pankartaren atzean.

Manifestazio jendetsua plazatik abiatu aurretik, Sanagustinpean, datozen egunetan ere mobilizazio jendetsuei eustearen garrantzia nabarmendu dute, eta astean zehar izango diren hitzorduetan parte hartzeko deia luzatu dute. Asteartean, esaterako, arratsaldeko zazpietan asanblada egingo dute plazan bertan, eta 19:30ean izango den Udalbatzarrean mozioa aurkeztuko dutela aurreratu dute.

Komunikatutako atxiloaldia, baina berririk ez

Manifestazioa hasi aurreko batzarrean Eneko Ibargurenen arreba Leirek ere hartu du hitza, familiak egoeraz dakiena azaltzeko. Bertaratutakoen babesa eskertu ondoren, abokatuekin hitz egindakoaren arabera anaia komunikatutako atxiloaldian dagoela jakinarazi du Leire Ibargurenek, baina non edota nola dagoen ez dakitela.

Leire Ibargurenek azaldu duenez, komunikatutako atxiloketapean 72 orduz eduki dezakete atxilotua, eta epe horren barruan gerta daitekeen edozein diligentzia (galdeketak, deklarazio hartzeak...) atxilotuak berak izendatutako abokatuaren aurrean egin ditzake. "Baina gerta daiteke batere diligentziarik ez egitea ere. Berez, dei bat egiteko eskubidea ere aurreikusten dute; deia atxilotuak berak edota polizia batek egin dezakete, non daukaten esateko. Baina gaur goizeko bederatzietan atxilotu dutenetik, ez dugu deirik jaso", adierazi du Eneko Ibargurenen arrebak.

Azken ordukoa (20:30): Eneko Ibarguren Madrilera eraman dutela jakinarazi du Azpeitiko Herrirak bere Twitter-eko kontuan.